Duela sei urte Sabino Cuadrak ¡No os importe matar! [Ez diezazuela erailtzeak axola!] liburua aurkeztu zuen, 1978ko sanferminetako «estatu krimena» kontatzeko eta gertakaria ahanzturatik ateratzeko asmoz. «Eta orduan zergatik orain beste liburu bat?». Halaxe galdetu zion ezagun batek kalean Cuadrari. Izan ere, beste liburu bat idatzi du gaiari buruz —Los victimarios [Biktimarioak]—. «Asko hitz egiten da gaur egun biktimez eta haien eskubideez, baina batere ez da hitz egiten biktimarioez. Biktimez bakarrik hitz egitea joko tranpatia da, alde bakarrari erreparatzen baitzaio, eta, horregatik, liburuak gai horri heldu nahi dio».
Ikusi gehiago
Txalapartak argitaratu du liburua, eta argitaletxearen Iruñeko egoitzan aurkeztu zuten, atzo arratsaldean. Ane Eslaba Txalapartako editoreak gidatu zuen saioa, eta liburuko hitzaurrearen egile Jose Mari Esparzak garai hartako testuinguruaren inguruko zertzelada batzuk aipatu zituen sarreran. Aretoa mukuru zegoen —tartean, German Rodriguezen anaia Fermin zegoen—, gaiak Iruñean ikusmin handia sortzen duen seinale. «Oso pozgarria da, adierazten baitu 1978ko sanferminetako sarraski polizial hark oroimenean segitzen duela», nabarmendu zuen Cuadrak.
1978ko uztailaren 9an bertan, Nafarroako eragile politiko eta sozial nagusiek ikerketa batzorde bat osatu zuten, eta azterketa haren emaitza zera izan zen, erasoa «aurrez pentsatua» izan zela. Abiapuntu hori oinarri hartuta, Cuadrak hainbat galdera egin zizkion bere buruari. Non sortu zen eta zeintzuk izan ziren egile zehatzak?
Martin Villa eta 125 krimen
Galdera horien erantzun nagusia azalean ageri da: Rodolfo Martin Villa. «Aurrez pentsatutako eta antolatutako ekintza bat izan zen. Hemen egon zirenen eta haien buruzagi guztien gainetik zegoen. Ez zen Barne ministro izatea egokitutako pertsona errugabe bat», laburbildu du Cuadrak. Gazte-gaztetatik, frankismoaren egitura barruan egin zuen ibilbidea, eta partaide izan zen jazarpen aparatu hartan —unibertsitateetako sindikatuko eta sindikatu bertikaletako idazkari nagusi, Bartzelonako gobernadore zibil eta Gorteetako diputatu izan zen—. Espainiako trantsizioko urteetan ardura politiko handia izan zuen UCDren gobernuetan: 1976an, Harreman Sindikaletako ministro; 1977tik 1979ra, Barne ministro; 1980tik 1981era, Lurralde Politiketakoa, eta gero presidenteorde.
Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakarien harira, Villak berak ohartarazi zuen hilketa hura «irakaspen bat» izan zela, abisu argi bat frankismoaren egiturekiko haustura proposatzen zuten mugimenduentzat, Cuadraren ustez. Egileak gogora ekarri du garai hartan estatuaren egiturek «antolatutako indarkeria politikoa funtsezkoa» izan zela: «Ez zen halabeharrez gertatu». Hala, Martin Villa Barne ministro izan zeneko hiru urteetan, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian 125 hil ziren kalean «polizien, eskuin muturreko eta talde paramilitarren ondorioz». «Talde guztiok ere soka berekoak, frankismoaren egituretan sortuak eta orduko aparatuen parte baitziren».
«Asko hitz egiten da gaur egun biktimez eta haien eskubideez, baina ez da batere hitz egiten biktimarioez. Biktimez bakarrik hitz egitea joko tranpatia da».
SABINO CUADRA'Victimarios' liburuaren egilea
Alta, beste izen batzuk ere agertzen dira, hala nola Miguel Rubio garai hartako poliziaburua, frankismoko Brigada Politiko Sozialean zaildua: Valentzian ikasleen aurkako jazarpenean parte hartu zuen, eta tortura larriak egitea egotzi zioten. 2005ean, 1978ko sanferminei buruzko dokumental batean parte hartu zuen, eta esan sanferminetako istiluak gaizki-ulertu batzuen emaitza izan zirela. «Inuzente baten gisa aurkeztu zen, ezer ez dakienaren plantak egiten, elkar joka ari zirenak bereizten ibili zela esan zuen. Hark eman zuen poliziak zezen plazan tiroka sartzeko agindua».
Cuadrak azaldu du, gainera, egun batzuk lehenago Iruñeko poliziaburu izateari utzi ziola, baina bere borondatez izan zela Iruñean egun haietan. Hilabete batzuk geroago, Bartzelonako Diadaren polizia operatibo bereziaren arduradun izan zen: «20 urteko gazte bat hil zen, eta, biharamunean, polizia bat joan zitzaien gurasoei esatera kontuz ibiltzeko. Rubio zen».
Etorri, istilua sortu, joan
Beste izenetako bat Fernando Avila komandantea da, polizia guztien buruzagia. Espainiako Legioan ibilia zen, eta 1960ko hamarkadan sahararren kontrako jazarpenaren erantzuleetako bat dela aipatu du Cuadrak. 1978ko martxoan etorri zen Iruñera, eta urte hartako azaroan alde egin: «Julio Zesarren aipu ezagunaren antzera, etorri, istilua sortu eta alde egin zuen. Jendaurrean esan zuen bere borondatez etorri zela hona Iruñeko biztanleak zigortzera».
Izen gehiago daude liburuan. Cuadrak nabarmendu du 1978ko udaberri hartan 35.000 lagun elkartu zirela Iruñean manifestazioan, Konstituzioaren eztabaidaren testuinguruan Hego Euskal Herriko lau lurraldeen batasuna aldarrikatzeko. Handik hilabete gutxira, abenduan konstituzioa onartu zenean, frankismoaren «erreformaren» bide politikoa hartu zen, eta lau lurraldeak egitura bakar batean egituratzeko aukera hautsi zen. «Bi gertaeren erdian daude 1978ko sanferminak». Cuadrak argi du helburu politiko argia izan zuela «estatu krimen hark».