2.000 irakasle ohik 100 milioiko ordaina eskatu diote Jaurlaritzari

Ohartarazi dute lan itunaren arabera diru bat zegokiela aurrez erretiratzeagatik, baina hori eten egin zuela Hezkuntza Sailak 2012an

Jon Rejado.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan aritutako 2.000 irakaslek eskaera kolektibo bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzan. Erretiroa 65 urte baino lehen hartzeagatik dagokien kalte-ordaina eskatu dute: guztira, 80 eta 100 milioi euro direla azaldu dute. Gogoratu dute ordain hori lan itunean jasota dagoela, eta Hezkuntza Sailak 2012. urtetik aurrera eskubide hori eten zuela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasle erretiratuen elkarteak, Adostuz-ek, aurkeztu zuen atzo eskaera Hezkuntza Sailaren Bilboko ordezkaritzan. Taldeko kideek azaldu dute indarrean dagoen sare publikoko irakasleen lan hitzarmena 2010. urtean sinatu zutela. Han jaso zuten kalte-ordain bat ematea erretiroa 65 urte bete aurretik hartzen dutenei. Horren helburua zen irakasleen batez besteko adina gaztetzea.

Bi urte geroago, bertan behera utzi zuten puntu hori. Adostuz-ek azaldu du Patxi Lopezen gobernuak hartu zuela erabakia: argudiatu zuen Jaurlaritzak ezin zuela ordaindu, krisi ekonomikoa zela eta. Horren ondorioz, 3.000 irakasle inguru geratu ziren kalte-ordaina jaso gabe, Adostuz-en datuen arabera. Horietatik bi heren bildu dira eskaera egiteko.

«Aitzakiarik ez»

Eskaria aurkeztu duten irakasleek argudiatu dute egoera ekonomikoa aldatu egin dela 2012tik. Gogorarazi dute ogasunen diru bilketak gora egin duela. Hori dela eta, hausnartu dute ez dagoela «aitzakiarik» mozketa horri eusteko, eta ordainketak egitea galdegin diote Eusko Jaurlaritzari; ohartarazi dute lege iruzurra izango dela hori ez egitea.

Adostuz-ek jakinarazi du Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamena onartu zuela kalte-ordainak ordaintzeko. Oposizioko kideen botoekin onartu zuten eskaria. Ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du oraingoz aintzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.