Ospakizuna egiteko baino gehiago autogobernuaren bidean aurrera egiteko asmoa duela iragartzeko baliatu du EAJk Gernikako Estatutua onartu zeneko urteurren eguna. Gernikara bertara joan, eta Gernikako Arbolaren aurrean ehunka militante bildu ditu. «Euskadi nazioa» dela aldarrikatu du. Estatutuaren balioa goratu, eta urrats berria iragarri du, data eta guzti: «2015. urtean berretsiko dugu Lege Berria, Euskadi berrirako akordio eratzailea, bakean eta askatasunean», esan du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak.
'Lege Zaharra', 'Lege Berri'
1839. urtean «indargabetu zen Lege Zaharra» Lege Berria bihurtuko da lau urte barru, Urkulluren hitzetan. Hau da, Foruen esentzia berreskuratu, «eguneratu» eta estatus politiko berria onartuko da. Hala adierazi du, alderdiko buruzagiaren hitzak ikurrinak astinduz eta txaloak joz hartu dituzten militanteen aurrean.
Urkulluren hitzetan, ETAk borroka armatua alboratu ondoren, «ez dago aitzakiarik Euskadirentzako estatus politiko berria eskuratzea eragozteko». EAJk zer nahi duen «argi» esango duela adierazi du: «Euskadi nazio bat da. Euskadi, nazioa Europan». Eta, bide horretan aurrera egiteko, «akordio berria» proposatu du.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bezperetan gaudenean, EAJk Kongresuan lortu nahi duenaz mintzatu da: «Aniztasun politikoa berreskuratuta, indarkeria behin betiko desagertuta, hurrengo legebiltzar agintaldiak eman beharko du oinarri zabaleko adostasunerako bidea, akordio berria». Espainiako Kongresuari buruz ari zen hitz horiek esatean. Akordio horrek «aldebikoa» izan beharko duela ohartarazi du; espainiarren eta euskal herritarren artean adostua izan beharko duela.
Aldebikotasun formulak
Gernikako Estatutuaren formula du oinarri EAJk proposatutako akordioak. «Euskal Herriaren borondate politikoa eguneratuko duen akordioa» izango dela adierazi du Urkulluk. «Elkarrizketan oinarritutakoa» izango dela, eta, «gutxiengoaren eta gehiengoaren eskubideak errespetatuko dituen formulazio juridiko-politiko berria» edukiko duela. «Aldebikotasun formulak izango dituen akordioa, eta, antzina egin zen moduan, nortasun eta errealitate nazional ezberdinen arteko bizikidetza gordeko duena», adierazi du Gernikako Estatutua oinarri hartuta.
Proposatutako estatus berriaren edukiak zeintzuk izango liratekeen ez du argitu EAJko buruak. EAJk «Euskadi Europan nazioa» izatea helburu duela adierazi du; «Euskadik bere nazio errealitatea aitortua» izan nahi duela, «munduan bere ahotsa» izan nahi duela, eta etorkizuna libreki erabaki nahi duela. Hori nola gauzatuko den, argitu gabe utzi du.
Espainian eta Frantzian
Hala ere, Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuetan zein egokitzapen izan dezakeen aztertu beharra dagoela ere adierazi du Urkulluk, estatus politiko berrirako proposamena egin aurretik. Egokitzapen hori dela oraindik konpondu gabe dagoena. «Kokapena aurkitzea dagokigu orain, indarkeriaren oztopoa tartean izan gabe».
Edozein kasutan, EAJk nahi duen «Euskadi berrirako», elkarrizketan oinarritutako akordioa beharko dela azaldu du. «Estatus berria» lortzeko, akordio politikoa oinarri hartuko duela adierazi du. Eta, akordio horrek, aldebikotasuna eta «berme juridikoak» izango dituela.
Garai berria iragarri du, beraz; «bide demokratikoaren hasiera eta amaiera bakarra euskal herritarren borondate eta erabakia» izango den garaia. Lor daitekeela uste du Urkulluk. Eta, EAJ, lan horretan jarriko dela iragarri du: «Itun politikoa, akordio instituzionala, gizartearen berrespena», aipatu ditu proposatutako urratsak. «Hauxe dugu konpromisoa».
Lau urte barrurako jarri du «akordio eratzailea berresteko» data. Estatus berrirako proposamena 2015ean Espainiako Kongresuan bozkatzeko asmoa azaldu du, horrela. Azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren osatuko den Espainiako Legebiltzarraren legegintzaldia amaitzen den urtean, alegia.
Eta, pentsa daiteke, EAJk hauteskunde kanpainan erabiliko duen gai nagusietakoa izango dela atzo Urkulluk iragarritako ekimena. Kontuan hartzekoa da, orain arte jeltzaleek 2015. urterako ezarri duten mugarria publikoki ezagutarazi ez duten arren, kanpainari begira egindako aurkezpen ireki bati emandako izenburuan data horixe jasotzen zuela: «2011-2015, Josu Erkoreka egitasmoa». Hain zuzen, EAJk Madrilen duen talde parlamentarioko bozeramaile da Erkoreka, eta, datozen lau urteetarako ere lan horretan jarraitzeko jeltzaleek zerrendaburu aurkeztu dutena.
Aukera baliatzeko unea
Hala ere, urratsak orain egitearen arrazoia hizketaldiaren hasieratik azaldu du Urkulluk: «Orain aukera berri bat dugu. Bakearen eta elkarbizitzaren aukera. Orain ere, herri honek aurrera egiten jakingo du».
Duela 75 urte Jose Antonio Agirre lehendakariak karguari zin egin zion leku berean, Gernikako arbolapean, «etorkizun berri bat eraikitzeko prest» dagoela adierazi du Urkulluk proposamenaren berri eman aurretik. «Etorkizun berri bat merezi dugu, nahi dugu, eta lortuko dugu».
1979ko urriaren 25ean onartutako estatutua «euskal nazioaren eraikuntzaren abiapuntua» izan zela txalotu, eta, bide horretan aurrera egiteko asmoa azaldu du.
Gernikako Estatutuaren urteurrena
2015ean estatus berria onartzeko konpromisoa hartu du EAJk
Gernikako Estatutuaren espiritua ardatz izango duen estatus berria agindu du Espainiako legegintzaldi berria amaitzerakoEspainiarrek eta euskal herritarrek hitzartu, eta Kongresuan bozkatuko litzateke ituna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu