2019ko Urrezko Danborra, Rosa Garciarentzat

Donostiako alkate Eneko Goiak jakinarazi duenez, etxebizitza eskubidearen aldeko aktibistari emango diote 2019ko saria. Iaz bezala, aurten ere bozketa bidez erabaki dute irabazlea.

Rosa Garcia, iazko agerraldi batean. GORKA RUBIO, FOKU
2018ko abenduaren 17a
07:10
Entzun

Aktibista da Rosa Garcia (Madril, 1948). 1977. urtetik bizi da Donostian, eta etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduetan aritu izan da azken urteetan. Gaur egun, Gipuzkoako etxe kaleratzeen kontrako Kaleratzeak Stop plataformaren bozeramailea da. Denera, 3.606 herritarrek hartu dute parte Urrezko Danborra nori eman erabakitzeko bozketan, eta Garciak jaso ditu boto gehien.

Atzo amaitu zen bost hautagairen artean botoa emateko epea. Emakumeak ziren aurtengo hautagai guztiak, EH Bilduk proposatu eta udalbatzak hala adostuta, PSE-EE eta Irabazi taldeen babesarekin. 1967an sari hori ematen hasi zirenetik, soilik zazpi emakumek jaso izan dutela nabarmendu zuen EH Bilduk, eta "parekidetasunean harago joateko unea" dela. Alicia Amatriain dantzaria, Ane Gabarain aktorea, Esther Ferrer artista eta Dolores Redondo idazlea ziren gainerako hautagaiak.

Azken saridun emakumea 2016an izan zen: Cristina Iglesias.

Iaz, herritarrek aukeratu zuten lehen aldiz saria nori eman, eta Richard Oribe igerilaria aukeratu zuten herritarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.