2022an sanferminak ospatzearen alde azaldu da Iruñeko Udala

Festak bertan behera utzi dira azken bi urteetan. Datorrenari begira, udalak bestelako jarrera bat agertu du: «apustu sendoa» eginen du horiek antolatzeko. Aurrekontu ekonomikoa handituko dela iragarri dute.

Iruñeko Udaletxe plaza, txupinazo egun batean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 24a
11:04
Entzun

Datorren urteko festei begiratzeko eginkizuna zuen atzo Sanferminetako Mahaiak, Iruñean. Jaiak ospatzearen alde azaldu, kontra egin, edo, behintzat, mesfidati agertu; horra duda, pandemiak eztanda egin zuenetik. Azkenik, iuntzean atera zen argitara bilkuran ondorioztatutakoa: 2022ko sanferminak egitearen alde azaldu da Iruñeko Udala. Halere, neurriak uztailean Nafarroan den egoerara egokituak izanen dira, argitu dutenez.

Iruñeko Udalak jakinarazi du sanferminen aldeko «apustu sendoa» egitea dela asmoa, eta, hain zuzen, ere, jaiak antolatzera bideratuko den aurrekontuan ere nabarituko da jarrera hori, diru gehiago erabiliko baitute. «Aurrekontua handiagoa izan liteke, aintzat hartu behar baita jai hauek hiriko esparru guztietan duten garrantzia zenbaterainokoa den. Bai aisiari eta kulturari begira, baita herritarrengan pizten duten ilusioari eta duten eragin ekonomikoari erreparatuta ere».

Iruñeko alkate Enrique Maia da Sanferminetako Mahaiaren buru. Batzarraren ondotik egindako adierazpenetan adierazi zuen 2022ko sanferminak «aukera berri baten» modura ulertu behar direla, eta «etorkizuna markatuko duten garai berri baten estreinakoak» balira bezala ikusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.