2025ean 105 lagun hil dira Euskal Herrian errepide istripuetan, 2024an baino ia %50 gehiago

Nafarroako errepideetan hil dira 48 lagun, Euskal Herrian hildakoen ia erdiak. Araban eta Lapurdin, 2024an halako bi hil ziren.

Julen Urrestarazu
2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orokorrean, trafiko istripuetan hildakoen kopurua apaldu egin ohi da Euskal Herrian urtetik urtera, baina iaz ez zen horrela izan. 2025ean, 105 lagun hil ziren errepide istripuetan, 2024an baino 33 gehiago. Ehun hildakoen langa gainditu da berriro —2022an, 105 pertsona hil ziren—, eta azken bi urtetako beherako joera irauli. 2022a baino lehen, 2013a izan zen Euskal Herrian trafiko istripuen ondorioz ehun pertsona baino gehiago hil ziren azken urtea.

Nafarroako errepideetan hil dira 48 lagun, Euskal Herrian hildakoen ia erdiak. Aurreko urteekin alderatuta, biktimen kopurua nabarmen ugaritu da lurralde horretan. 2024an, 24 lagun hil ziren errepide istripuetan, eta 2023an, berriz, 16; hau da, 2024an halako bi hil ziren iaz, eta 2023an halako hiru. Nafarroan 2007tik ez ziren hainbeste pertsona hilak trafiko istripuetan, urte hartan ere 48 pertsona hil baitziren. 

Gainera, istripu larriena ere Nafarroan gertatu zen: martxoan, bi kamioik elkar jo zuten Fiteron, eta lau pertsona hil ziren. Laurak garraiolariak. Jende gehien hil zen errepidea ere Nafarroan dago: sei lagun hil ziren AP-15ean, denak Erriberri eta Castejon artean. Autobide horrek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du Nafarroa. N-113an, berriz, bost pertsona hil ziren, tartean Fiteron hildako lau garraiolariak, eta NA-134 errepidean beste lau lagun.

Baina Nafarroa ez da izan hildako gehiago izan duen lurralde bakarra. Arabako errepideetan, esaterako, hamazazpi lagun hil ziren iaz, eta aurreko bi urteetan hamar biktima baino gutxiago izan ziren: sei 2023an, eta zortzi 2024an, hain zuzen ere. Azken hamabost urteetako daturik okerrena da.

Hamazazpi istripuetatik bost Gasteizen gertatu ziren: hiru pertsona auto istripuetan hil ziren, beste bat moto istripu batean, eta 90 urteko oinezko bat, berriz, auto batek harrapatuta. Horrez gain, bi pertsona hil ziren Berantevillan gertutako auto istripu batean, eta beste bi Okondon.

Lapurdin ere gora egin du hildakoen kopuruak: hamabi pertsona hil ziren, 2024an baino zazpi gehiago. Zuberoan, berriz, bat, eta Nafarroa Beherean beste bat: gidari bat Bildoze-Onizepean eta txirrindulari bat Mendiben. Nafarroa Beherea izan da 2024an baino hildako gutxiago izan dituzten lurraldeetako bat, bost pertsona hil baitziren urte hartan.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere jende gutxiago hil da trafiko istripuetan. Bizkaiari dagokionez, bederatzi lagun hil ziren iaz, 2024an baino bat gutxiago. Bizkaian, 2017a izan zen trafiko istripuengatik hamar pertsona baino gutxiago hil ziren azken urtea. Gipuzkoako errepideetan, bestalde, hamazazpi lagun hil ziren, 2024an baino bi gutxiago. Azken hamabost urteetako datuekin alderatuta, bakarrik hirutan hil ziren iaz baino pertsona gehiago.

Kolektibo zaurgarriak

Hildakoen erdiak baino gehiago autoan zebiltzala hil den arren, beste asko motoan, bizikletan eta oinez zebiltzan. Denera, 21 motozale, hamahiru oinezko eta zazpi txirrindulari hil dira 2025ean. Txirrindulariei erreparatuz, hiru gehiago hil dira 2023an baino.

Errepide istripuetan hildakoen adin tarteari dagokionez, datuak antzekoak dira aurreko urteetakoekin alderatuta. Hildakoen erdiak baino gehiago 35 eta 65 urte artekoak izan dira, eta biktima gutxien egon diren adin tartea 20 urtetik beherakoa da. Istripuetan hildakoen ia %30ek 50 eta 65 urte artean zituzten. 

Gizonak dira errepideko istripuetan hildako gehienak, %76,2 hain zuzen ere. Hala ere, hildako emakumeen ehunekoa handitu egin da 2025ean: biktimen %23,8 izan dira emakumeak; aurreko urteetan, berriz, %18 baino gutxiago izan ohi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.