Aspaldiko ilararik luzeenak ikusi dituzte Arabako hautestontzietara boza ematera hurbildu direnek gaur, parte hartzearen igoera nabarmena izan baita aurreko Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin konparatuz gero. Izan ere, 18:00etako parte hartzeak jada gainditu ditu 2019ko azaroko eta 2023ko hauteskundeetako datuak: 173.477 hurbildu dira ordu horretara arte botoa ematera, bozkatzaileen %67,51. 2023an egun osoan zehar hurbildu zirenak baino gehiago dira, 170,538 izan baitziren bozkatzaileak orduko hartan, erroldaren %65,54.Â
Urte hartako ordu bereko datuarekin alderatuta, %19,35 igo da parte hartzea Araban, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izandako igoera proportzionalik handiena. Igoera hori zenbaki absolutuetan jarriz gero, 50.000 boto emaile gehiago esan nahi du. Momentuz, ordea, ez dago argi igoera horrek nori egingo dion mesede: PSE-EEk eta EH Bilduk inkestak alde dituzte baina, Espainian eskuineko alderdiek gora egiten badute, Araban ere PPk probestu lezake bultzada hori. Araba izan zen Alderdi Popularrak irabazi zuen Hego Euskal Herriko azken lurraldea. 2011n izan zen hori, eta lehen postu hori berreskuratzea izango dute helburu popularrek.
Hautestontziak itxi ondoren argitaraturiko lehen inkesten arabera, ordea, PSOE eta EH Bildu dira Hego Euskal Herrian onuradun nagusiak. Bost eserleku atera zituen formazio horietako bakoitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, Sigma Dos enpresak ondutako inkestaren arabera, bost eta zazpi ordezkariren artean egongo lirateke orain bi alderdi horiek. Kaltetu nagusia EAJ litzateke, orain arteko bost ordezkarien ordez bi eta lau artean ematen baitizkio alderdi jeltzaleari. Araban ikus liteke galera horietako bat, EAJk lortu baitzuen 2023an azken eserlekua lurraldean.Â
EAJren eserlekua, dantzan
Lau diputatu hautatzen ditu Arabak, eta oso modu orekatuan banatu ziren 2023an: bat PSE-EEk, bat EH Bilduk, bat PPk eta bat EAJk ―13.000 botoren aldea besterik ez zen egon lauren artean―. Azken aulkia EAJk lortu zuen, eta hori ibiliko da dantzan gaur, PSE-EE aulki hori lortzetik 9.400 botora gelditu baitzen.
Bestela esanda, PSE-EEk lortuko balu EAJren botoak bikoiztea, hortxe izango luke bigarren aulkia lortzeko aukera. Zenbakitan adierazteagatik, eta simulazio bat eginda, aski litzateke EAJk 3.500 boto inguru galtzea eta PSE-EEk boto kopuru hori bera irabaztea. Berebiziko garrantzia du eserleku horrek alderdi jeltzalearentzat, gainerako emaitzak bere horretan mantenduz gero, Madrilen talde parlamentarioa galtzeko mehatxupean bailegoke alderdia. Bost eserleku behar dira Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa erdiesteko, eta bat gutxiagorekin lau baino ez lituzke EAJk.Â
Beste alderdiek zailago dute ordezkaritza handitzea: 2023an, EH Bilduk 23.200 botora eduki zuen bigarren ordezkaria; PPk, 26.000 botora; eta EAJk, berriz, 32.400 botora. Diputatu bat gehiago lortzeko, hortaz, EH Bilduk %70 handitu beharko zukeen boto kopurua; PPk, %86; eta EAJk, %115.
Sumar koalizioak ez zuen ordezkaririk lortu 2023an, Espainiako ezkerreko indarrak batuta aurkeztu ziren arren. Eta gertu eduki zuten: 6.500 boto gehiago beharko zituzketen. Baina aurten zatituta eta barneko giroa nahasita aurkeztuko dira, eta ez du ematen, baldintza horietan, lehian sartzeko aukera onena dutenik.
Voxek ere ez zuen ordezkaririk lortu, eta zail izango du orain ere: 2023an, 21.500 boto gehiago beharko zituzkeen diputatua lortzeko ―%140 hazi beharko zukeen―.