Alderdi politikoak sarritan ari dira jotzen Arabako Aiara eskualdeko udalerrietara, han egondako desindustrializazio prozesua dela eta. Mikel Otero EH Bilduren Kongresurako Arabako zerrendaburua Amurrion izan da gaur, eta salatu du Madrilgo eta Gasteizko gobernuek ez dietela aurrea hartu «industriaren eraldaketaren erronka handiei». Halaber, koalizioko diputatugaiak «euskal produkzio sarea babesteko eta indartzeko neurriak» eskatu ditu.
«Madrilgo eta Gasteizko gobernuek ez dute jakin industriak bizi duen eraldaketari aurrea hartzen. Deskarbonizazioa, elektrifikazioa edo transformazio teknologikoaz ari gara». Oterok erantsi du munduan «lehiakortasun industriala birdefinitzen» ari direla aldaketa horiek, eta eraldaketa horri aurre hartu ez izana «orain» ari dela «ordaintzen» euskal industria: «Amurrio eta Aiaraldea dira horren adibide bat».
Hala ere, EH Bilduk uste du egoera hori zuzendu daitekeela. «Gure herriaren indar industrialaren aldeko apustua egin behar da», azaldu du Oterok, koalizioan uste baitute euskal industria «berriz ere abangoardian» jarriko lukeela «berrindustrializazio prozesu bat abian jartzeak».
Horregatik, Espainiako eta EAEko gobernuek «beharrezkoak diren politikak» gauzatu behar dituztela gaineratu du, «potentziala eta zerumuga duten enpresak ixtea edota lekualdatzea galarazteko, milaka langile kalean utzita». Langileek enplegua galtzen duten egoera horren «ardura» hartu behar dute gobernuek, Oteroren hitzetan, eta «industriari eutsi», hura «eraldatuz eta indartzeko apustu irmoa eginez».
Industria politika integrala
Hori ei da EH Bilduren konpromisoa, koalizioko hautagaiak Amurrion nabarmendu duenez: «Euskal industria eta bertako langileak defendatzea». Euskal industriari «aukera berriak» emango lizkioketen «inbertsioak lortzeko bultzada» eman nahi du EH Bilduk. Industria sarea hobetzeko eta indartzeko «neurri gehiago lortzen» jarraituko dutelako konpromisoa hartu du Oterok, eta «industria elektrointentsiboentzako laguntzak edo ahalmen elektrikoaren handitzea» aipatu ditu koalizioak orain arte lortutakoen adibide gisa.
«Industria politika integrala behar da, etorkizuneko ikuspegia izango duena, aldaketei aurrea hartuko diena, trantsizio energetikoaren aukerak aprobetxatuko dituena eta langileei eta enpresei ziurtasunak eskainiko dizkiena. Horretan jarraituko dugu lanean», bukatu du Arabako zerrendaburuak.