Esteban: «Ez gara Sanchez soldadua salbatzera joango, ezta Feijoo soldaduaren alde egitera ere»

EAJko buruzagiak aurrekusi du «ziurrenik gobernu aldaketa bat» egongo dela Espainian. Horri erantzuteko «euskal talde sendo bat» behar dela azaldu du, «garai bakoitzari etekina ateratzeko gai dena».

Aitor Esteban EAJko presidentea, ekitaldi politiko batean. FOKU
Aitor Esteban EAJko presidentea, ekitaldi politiko batean. FOKU
xabier martin
2026ko azaroaren 24a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bildu garbi esaten ari da doan emango duela babesa eskuin muturreko gobernurik izan ez dadin: «gratis et amore», esan du Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak. EAJ ez dator bat ikuspuntu horrekin, eta Aitor Esteban EBBko presidenteak garbi utzi du gaur, Radio Nervion irratian egindako elkarrizketa batean: «Gu ez goaz Madrilera gure botoak gratis et amore ematera. Ez gara Sanchez soldadua salbatzera joango, ezta Feijoo soldaduaren alde egitera ere». EAJri erdibidean ibiltzea leporatzen ari zaizkion honetan, EAJko presidenteak garbi utzi nahi du zer jarrera duten eskuin muturraren inguruan: «Jakina, ez zaigu batere gustatzen gobernua eskuin muturraren babesarekin osatzea, baina aurre egiten jakingo dugu».

Espainiako telebista publikoan atzo zortzi hautagaik izandako eztabaidaz ere aritu da Esteban; tartean Maribel Vaquero jeltzalea egon zen. «Vaquerok Madrilgo zaratatik pixka bat aldentzea lortu zuen», esan du. «Ikusi zen egungo mundu politikoan, ez soilik Madrilgoan, baita Euskadikoan ere, alderdi gehienak, EAJ izan ezik, blokeen joko horretan sartuta daudela. Nik uste dut hau esan behar zaiela herritarrei: 'Desblokeatu zaitez. Pentsatu zugan. Pentsatu zure eguneroko kontuetan'».

EAJk ez ditu inkestak alde. Gipuzkoan bigarren diputatua galtzeko arriskua dutela islatzen dute galdeketa askok, eta baliteke horrek talde parlamentarioa eratzeko ezintasuna ekartzea EAJri. «Ziur nago talde parlamentarioa lortuko dugula», esan du Estebanek. Uste du aurreikus daitekeela Espainiako hurrengo presidentea PPkoa izango dela. «Ziurrenik, gobernu aldaketa bat egongo da. Euskal talde sendo bat behar da, hainbat egoera ezagutu dituena eta garai bakoitzari etekina ateratzeko gai dena».

Euskal herritarren ahotsa Madrilen

Estebanek azaldu du Kongresuan talde parlamentarioa izateak «euskal herritarren ahotsa Madrilera» eramateko aukera ematen diela herritarrei, «ez esloganak zabaltzeko, ezta pankartaren atzean jartzeko ere». EAJren lan hori hamarkada askoan egin dela azpimarratu du. «Madrilen eman ditudan 21 urte hauek ez dira alferrikakoak izan; gauza dezente lortu ditugu, eta euskal herritarrak modu koherente eta duin batean ordezkatu ditugu».

Esatariak erronka bat jarri dio Estebani: 30 segundoan zalantzan dagoen boto emaile bat konbentzitzea. Hori egin daitekeela erantzun du EBBko presidenteak, eta hauxe esan du: «Politikak zugan eragina izango du. Eta badakit, noski, zure eguneroko kontuek kezkatzen zaituztela, baina zure kezka horiek norbaitek defendatu behar ditu, euskal gizartearen errealitatea, eta hori hobekien ezagutzen dutenak gu gara».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA