Fronte Zabalak aurreikusi du boto emaileek EAJ zigortuko dutela, «bankuen eta errentadunen alde dagoelako»

Damian Garcia Arabako zerrendaburuaren esanetan, Ada Colau izan da garaile Sanchezen eta Feijooren arteko eztabaidan, eta ezkerrak ez du ordezkaririk izan hartan.

Fronte Zabalaren ekitaldi politiko bat, Gasteizen. L.RICO / EFE
Fronte Zabalaren ekitaldi politiko bat, Gasteizen. L.RICO / EFE
xabier martin
2026ko azaroaren 20a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fronte Zabalako kideak sinetsita daude EAJk ez dituela emaitza onak aterako azaroaren 29ko hauteskundeetan. Damian Garcia Arabako zerrendaburuak uste du euskal herritarrek EAJ «zigortuko» dutela bozetan, jeltzaleek «oligarkiaren, bankuen eta errentadunen alde» egin ei dutelako. Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean, Garciak esan du Sanchezen eta Feijooren telebistako eztabaidan irabazle bakarra egon dela: Ada Colau, Fronte Zabalaren Bartzelonako zerrendaburua. Gainera, aditzera eman du ezkerrak ez duela ordezkaririk izan eztabaida horretan.

Egun gutxi geratzen dira azaroaren 29rako, eta, PPk eta Voxek gobernua osatzeko arriskuaren harira, Garciak esan du Fronte Zabala «erasora» atera dela hasieratik kanpainan. Gogoratu du PPk, Voxek eta Juntsek etxebizitzari buruzko Espainiako Gobernuaren bi dekretuak atzera bota zituztela Espainiako Kongresuan, eta  Kongresuko Batzorde Iraunkorrean EAJk ere ezezkoa eman diola horietako bati, alokairuak luzatzea jasotzen duenari.

«Oligarkiaren, aberatsen, errentadunen, bankuen eta putre funtsen alde jartzen dira beti», esan du Fronte Zabaleko hautagaiak. Erantsi du berak ordezkatzen duen Espainiako ezker konfederaleko koalizioa dela horren guztiaren alternatiba. Horregatik uste du Fronte Zabalak ordezkariak atera ditzakeela bai Araban, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan. 2023ko bozetan, Bizkaian baizik ez zuen lortu diputatu bat Sumarrek; orain Fronte Zabalaren barruan dago alderdi hori, eta, inkesten gehienetan iragarritakoa betez gero, koalizio berriak ez du Bizkaiko ordezkari hori ere lortuko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA