Bilboko hilketa matxistak markatu du Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren amaiera Hego Euskal Herrian. Horren ondorioz, EH Bilduk bertan behera utzi zituen ostiralerako prestatuta zeuzkan ekimenak, Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen amaiera ekitaldia barne. Gainerakoek, baina, euren agendei eutsi zieten, eta hilketa salatzearekin batera, hautesleei helarazi nahi zizkieten azken mezuak zabaltzeko hautua egin zuten. EAJ, Alderdi Sozialista eta PP izan ziren hamabost eguneko ibilbideari bukaera jartzen azkenak. Gainerakoek, amaiera apalagoa eman zioten kanpainari, edo zuzenean, Madrilera begira, ostegunean amaitutzat jo zituzten Euskal Herrian egin beharreko lanak.
Beraz, amaitu dira mitin, elkarrizketa eta debateak, eta eginda daude igandeko hauteskundeetarako azken boto eskaerak. Inkestarik ez da izan, berriz, azken egunetan, legeak ezarritako ohiko itzalaldi demoskopikoa dela medio. Argitaratutako azkenengoek, baina, EH Bilduren eta Alderdi Sozialistaren arteko lehia irudikatzen zuten Hego Euskal Herriko lehen indarra izateko, baita EAJren beherakada bat eta UPN-PP Nafarroan gailentzeko aukera ere.
Ikusteko dago, beraz, pronostiko horiek beteko ote diren, edo, kontrara, azken egunetako mezu zaparradekin alderdiek gaitasuna izan ote duten hautesleak iritziz aldatzeko. Igandean jakingo da hori. Denera, Hego Euskal Herriko 2,3 milioi herritar daude 23 diputatu eta 16 senatari aukeratzeko botoa ematera deituta, eta parte hartze handia espero da.
Alderdi Sozialista
Pedro Sanchez PSOEko buruzagia kanpainan behin bakarrik izan da Euskal Herrian, Iruñeko Labrit frontoian. PSOEren mezuari estu loturik, pentsioen eta eskubide sozialen defentsa egin du PSNk kanpainan eta eduki politiko ukitu emozionala ere eman dio. Atzo ere bi alor horiek uztartu zituen Maria Txibite lehendakariak kanpaina amaierako ekitaldian. «Egunotan jendeak kalean esan dit irabazi egin behar diegula bestela gainetik pasako zaizkigulako. Ez, ez diegu utziko!». Bezperako telebista eztabaidari ere egin zion keinu. «Nik ere nahiago dut atzoko [osteguneko] Pedro Sanchez hau».
Elma Saiz Kongresurako hautagaiak ere eztabaida horretako Feijooren hanka sartzeari egin zion erreferentzia emakumeen botoa eskatzeko. «Urte luzez isilik izan nahi gaituzte lan merkatutik kanpo». Bide beretik jo zuen PPren kontra, sozialisten Gipuzkoako hautagai Rafaela Romerok, Gasteizen PSE-EEk egindako ekitaldian. Bilboko hilketa matxista gogoan, hala ohartarazi zuen: «Salatu nahi dut emakumeek sufritzen duten indarkeria, eta PPren eta Voxen negazionismoak dakarren arriskuez ohartarazi».
Iruñean bezala, Gasteizen ere argi utzi zuten Espainiako politikagintzaren blokekako egitura, eta botoa PSOEn «kontzentratzera» dei egin zuten beste behin. Rafaela Romero Gipuzkoako zerrendaburua: «Oraingoan zuen ohiko alderdiak eserlekurik lortuko ez duela uste baduzue, boto horrek PSOEri eserleku bat gehiago izaten lagundu diezaioke, eta eserleku batek gobernua eman dezake».

EAJ
EAJk minutu bateko isilunearekin ekin zion Bilbon egindako amaiera ekitaldiari, «gaitzespen irmoa» eta biktimaren ingurukoei «doluminik zintzoena» azalduz. «Kanpaina amaierako mitina minez, inpotentziaz hasten dugu», gehitu zuen Maribel Vaquero Gipuzkoako zerrendaburuak bere hitzartzearen hasieran. Hala, azaldu zuen Kongresutik ere indarkeria matxistari aurre egiteko prest dela, «negazionisten» aurre eginda: «Ez dute kabidarik gure herrian». Izan ere, adierazi du «euskal etxea» zaintzea bertan bizi direnak zaintzea ere badela, eta horretarako konpromisoa duela EAJk.
Hitzartzea, berriz, kantuan amaitu zuen Gizon arruntaren koplak abestiaren doinuan, eta hala zioen: «Blokeen artean ez dago zalantza, alderdi jeltzalea da aukera bakarra». Hain zuzen, hori izan da jeltzaleek kanpainako ekitaldi guztietan nabarmendu nahi izan duten aldarria, eskuineko eta ezkerreko blokeen arteko lehia betean eurak direla «euskal etxea eraikitzen jarraitzeko» hautua.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, PP-Vox bikotea jarri zuen jomugan, egintzat jota gobernua osatuko dutela: «Herri honi eraso egitera bazatozte, aurrean izango gaituzue. Euskal herria gara».
EH Bildu
Koalizio subiranistak goizean jakinarazi zuen bere erabakia, ohar bidez: bertan behera utzi zituen ostiralerako aurreikusita zituen kanpainako ekitaldi guztiak, «Bilbon gertatutako hilketa matxista salatzeko eta dolua adierazteko». Hitz horiekin, dei egin zieten koalizioko militanteei mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera.
Indarkeria matxistak lekua izan du kanpainan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan baitzen asteazkenean. Orduan, «matxistei eta erreakzionarioei» aurre egiteko botoa eskatu zuen EH Bilduk, PPk eta Voxek osatu dezaketen gobernuari erreferentzia eginda. Hain zuzen, EH Bilduk bi horiei aurre egiteko «boto eraginkor» gisa aurkeztu du bere burua kanpaina honetan. Batetik, «bloke erreakzionarioari» atea ixteko; bestetik, Euskal Herriaren eta euskal herritarren «eskubideen berme» direlako.

UPN-PP / PP
Iruñean hasi zuen kanpaina UPN-PP koalizioak eta toki berean amaitu zuen atzo, Gazteluko plazan. Bezperan ezagutarazitako Guardia Zibilaren txostena baliatu zuen atzokoan Javier Esparzak PSOEri eraso egiteko. Senatuko hautagaiaren ustez, «Nafarroako politikaren areto nagusian elefante zuri handi bat dago eta hori Santos Cerdan da». Epaileak Cerdan behin-behinean espetxera bidali zuen egunetik beretik Maria Txibite lehendakariak dimisioa eman behar lukeela adierazi zuen.
Horregatik, biharko emaitzek maiatzeko hausteskundeetan eragin dezakeela uste du eta herritarrei eskuineko koalizioari boto ematera dei egin zien, «Espainian beste garai bat irekitzen lagun dezaten eta PSOEk zailago izan dezan Nafarroari berriro traizio egitea». Beldurra sartzea eta gezurrak esatea aurpegiratu zien sozialistei. «Ez da egia emakumeen eskubideak atzeratuko ditugu, pentsioak murriztuko ditugula edo ez dugula bozen emaitza onartuko».
Koalizioak ez du beste batzuen adinako ekitaldi handirik egin Nafarroan. Akaso, lehen astean Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiarekin eginikoa da salbuespena. Hura bi aldiz soilik izan da Hego Euskal Herrian; Iruñean, eta Eibarrera (Gipuzkoa) eta Bilbora egindako bidaia batean. Jon Etxeberria PPren Gipuzkoako hautagaia babestea izan zen orduan xedea. Hain zuzen, hura izan da alderdiaren protagonista nagusia EAEn, haren ekitaldien kontrako protestak direla medio.
Hain zuzen, atzo Donostian amaitu zuen EAEko PPk kanpaina, nahiz eta han Senaturako hautagaitzarik ez aurkeztu Voxen mesedetan. Ekitaldian, Etxeberriak adierazi zuen Euskal Herria «infernu bat» dela PP ordezkatzen dutenentzat; EH Bildu eta Alderdi Sozialista egin zituen horren «errudun». Bilboko hilketari, berriz, Esther Martinezek egin zion aipamena, hura «gaitzetsiz», eta era berean matxismoa Espainiako Gobernuaren kontra egiteko baliatuz: «Historiako gobernurik matxistena izan da».
Fronte Zabala
Fronte Zabalak ostegunean jo zuen amaitutzat Hego Euskal Herriko kanpaina, espazioa utzita atzo koalizioak Madrilen egindako ekitaldiari. Lander Martinez Bizkaiko hautagaia buru, «plebiszitu» gisa planteatu dituzte hauteskundeak. «Bi gizarte ereduren artean hautatu behar da: etxebizitzarako eskubidea edo errentismoa», adierazi zuen Martinezek berak herenegun, «erreferendum» izaera eta koalizioaren lelo izan den etxebizitzaren auzia uztartuz. Halere, nabarmentzekoa da Ada Colau izan dela kanpainan Hego Euskal Herria bisitatu ez duen presidentegai bakarra. Azken inkestek ez zioten eserlekurik ematen koalizioari.
Ahal Dugu
Inkesta berberen arabera, Hego Euskal Herrian eserlekuak eskuratzeko aukera gutxiago ditu Ahal Dugu-k. Horiek ere ostegunean eman zioten amaiera kanpainari, eta Madrilera begira egon ziren atzo. Han egin zuten amaiera ekitaldia; besteak beste, Irene Montero presidentegaiak, Ione Belarra alderdiburuak eta Pablo Iglesias gobernuko presidenteorde ohiak defendatu zuten «bakea, etxea eta lana» leloa. Bezperan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautagaiek hautetsontziak «eskubidez, justizia sozialaz eta ausardiaz» betetzera dei egin zuten.

Geroa Bai
Kanpaina luzea izan da, eta boto baliagarriaren kontra egin behar izan du borroka. Maiatzeko foru eta udal hauteskundeak izanik helburu nagusia, Geroa Baik azpimarra berezia egin du kanpainan: autogobernuaren eta lurraldearen interesen defentsa. Atzo ere, Espainiako Gorteetan «ahots propioa» izateko beharra nabarmendu zuen koalizioak. Pablo Azkona hautagaiaren arabera, koalizioak oso argi du nola jokatu: «Nafarroa ez dago inori men egiteko, Nafarroak bere kasa erabaki nahi du, eta horretarako beharrezkoa da Geroa Bai». l