Oskar Matutek salatu du alderdi batzuek «iraganeko mamuak» atera dituztela

EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak esan du «argi eta garbi» koalizio subiranista «edozein indarkeria adierazpenen aurka» dagoela, «ETArena barne».

EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matute. MIGUEL TOÑA / EFE
EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matute. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2026ko azaroaren 19a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko eta PPko zenbait hautagaik hauteskunde kanpainaren hizpidera ekarri dute ETA asteon, Ser irratiko elkarrizketa batean EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek egindako adierazpen baten harira. Bada, gaur berriro EH Bilduk ETArekiko duen jarrerari buruz galdetu diote Matuteri, oraingoan RNE irratian, eta hark esan du ezaguna dela koalizio subiranistak indarkeriaren aurrean duen jarrera. Berretsi du EH Bildu «argi eta garbi edozein indarkeria adierazpenen aurka» dagoela, «ETArena barne». Hautagaiak haren atsekabea helarazi du zenbait alderdik «iraganeko mamuak eta komodinak» atera behar izan dituztelako, «EH Bilduk dituen aurreikuspenak higatzen saiatzeko».

Ser irratian, ETAri buruz galdetuta, eta azalpen luzeago baten barruan, Matutek esan zuen ETA «oztopo bat» izan zela «euskal gizarte osoarentzat» eta «samina eta segurtasunik eza» eragin zituela. Adierazpen hori baliatu zuen atzo EAJko Bizkaiko zerrendaburu Idoia Sagastizabalek Matuteri exijitzeko «gauzei beren izenez» deitzeko: «ETA erakunde terrorista bat izan zen eta 850 pertsona hil zituen; eta beste askoz gehiagori estortsioa egin zien».

Gaur, berriz, EH Bilduko hautagaiak gogoratu du ETAk duela hamabost urte iragarri zuela erakunde gisa desegin egiten zela; «hamabost urte zoriontsu dira euskal gizartearentzat», esan du Matutek: «Gu benetan pozten gara erabaki hori hartu zelako eta ETAk egiten zuen jarduera armatua utzi zuelako». Erantsi du ezaguna dela EH Bilduk indarkeriarekiko duen jarrera, eta «lokatzari» erreparatu dio azaltzeko zergatik behin eta berriro ateratzen den ETAren auzia hauteskunde kanpainetan. «Ez dute EH Bildu topatuko ustezko indarkeriaren justifikazio irakurketen lokatzetan. Gure jarrera argia da, nirea eta EH Bildu osoarena: edozein indarkeria ekintzaren arbuioa adierazten dugu, izan kale istiluak, izan beste edozein motakoak».

Komodina berriro

Espainiako Kongresuan EH Bilduren eledun izango denak argi esplikatu du euskal gizarteak igaro duela jada «orri hori» eta «askoz hobeto» dagoela orain. «Bizikidetza giro bat sustatzeko irakurketa daukagu guk, guztiok egin dezagun aurrera, euskal gizartearen aniztasuna onartuz, eta aurrera begiratuz». Horregatik, Matutek uste du «pena» dela «batzuk, hauteskunde kanpaina aztoratzeko, indarkeriaren ustezko itzuleraren logikan jaustea». Izan ere, EH Bildu sinetsita dago euskal gizarteak nahiago duela alderdiak «etxebizitzaz, enpleguaz, bizitzaren garestitzeaz eta euskal autogobernuaz» aritzea, «inkestek islatzen duten moduan».

Azken urteotako hauteskunde kanpainetan, ordea, indarkeriari eta iraganari erreparatu izan ohi diote zenbait alderdik; Matutek dio badakiela zergatik den hori: «Hauteskundeei begira ditugun aurreikuspenak gerarazteko egiten dute. Iraganeko mamuak ateratzen dituzte gure posizio politikoak higatzen saiatzeko. Baina oinarri militante sendo baten indarra daukagu, Euskal Herrian gizarte hobe bat egon dadin egiten diren askotariko borrokekiko etengabeko konpromisoarekin».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA