Hitza hitz! Horrela izena du herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak klima trantsiziorako egin dituzten urratsei jarraipena egiten dien Biziren batzordeak. 2013an hasi ziren tokiko erakundeei engaiamenduak eskatzen, eta urtetik urtera gero eta herri gehiago bildu dituzte klimaren eta herritarren aldeko itunera. 2026rako, hemeretzi neurri proposatuko dituzte. Ondoko asteetan hasiko dira herrietako zerrendekin harremana egiten.
Xabier Harluxet Biziko kideak argi du: «Txikitik eragin daiteke». Berotze klimatikoak mundu mailako erantzun globalak behar dituela baztertu gabe, tokian tokiko erakundeek ere eragin dezaketela baieztatu du, hala nola herriko etxeek eta Euskal Elkargoak. Biziren arabera, tokiko erakundeak berotegi gasen emisioen %15en ardura dute, eta beste %50en ardura zeharka. «Euskal Hirigune Elkargoak hainbat konpetentzia bereganatu ditu, eta eragin handia izan dezake, bai politika publikoetan, eta baita herriko etxeei ematen dien laguntza teknikoan ere».
Etxebizitza arloan, garraioan, energian, elikaduran eta ekonomiaren birtokiratzean kokatzen dira Bizik tokiko erakundeei proposatzen dizkien neurriak. Horrez gain, galdetu diete ekiteko baliabideak ere har ditzatela, baliabide humano eta teknikoez jabetuz. Agintaldi honetan bi trebakuntza saio antolatu dituzte hautetsi eta teknikarientzat. Ondoko agintaldian arlo horretan indar handiagoa egin nahiko luketela erran dute.
2020an 46 herri engaiatu ziren Bizik proposatutako neurri guziak betetzera, eta, herritar sare batek lagundurik, 2.000 biztanle baino gehiago dituzten beste hamar herriri jarraipena egitea erabaki zuen mugimendu ekologistak. 59 herri horietan bizi dira Ipar Euskal Herriko biztanleen %87. Azken asteetan datuak biltzen aritu dira, eta heldu den irailerako eginen dute bakoitzak gauzatu duenaren balorazioa.