Jada zehaztu dute zer egunetan egingo diren Ipar Euskal Herriko herriko bozak. Frantziako Gobernuko eledun Sophie Primasek iragarri duenez, lehen itzulia 2026ko martxoaren 15ean egingo dute, eta bigarrena, berriz, 22an. Beraz, berrehun egun falta diren honetan, litekeena da bozei begirako mugimenduak areagotzea alderdi politikoen artean.
Azken hilabeteotan, ezegonkortasuna da Frantziako politikagintzaren ezaugarrietako bat, eta litekeena da herriko bozek garrantzi berezia izatea aurrera begira. Izan ere, ordurako urtebete pasatxo geratuko da Frantziako presidentetzarako hauteskundeetarako, eta, beraz, herriko bozek balio dezakete iritzi publikoari neurria hartzeko.
Gainera, ikusteko dago zer gertatuko den Frantziako Asanblearekin ere. Oposizioa gogor ari da gobernuaren kontra, eta François Bayrou lehen ministroak konfiantza mozio bat aurkeztu du; irailaren 8an egingo dituzte haren inguruko eztabaida eta bozketa. Hartan, Bayrouren beraren esanetan, parlamentariek «kaosaren eta arduraren artean» hautatu beharko dute.
Frantziako Barne ministro Bruno Retailleauk aurkeztu du bozei lotutako dekretua. Haren eraginez, aldaketak izango dira hauteskunde sisteman, baina estatuko hiririk handienei soilik eragingo die, Parisi, Lyoni eta Marseillari. Hiri horietako hautesleek bi boto eman beharko dituzte. Lehena, dagokien barrutiko hautetsiak aukeratzeko; bigarrena, hiri osorako ordezkariak aukeratzeko. Azken horien artetik hautatuko dira alkateak.
Azken herriko bozak pandemia betean egin zituzten Ipar Euskal Herrian. 2020ko martxoaren 15ean egin zuten lehen itzulia, eta, bigarrena hilaren 22an egitekoa bazen ere, ekainaren 28ra arte atzeratu zen, COVID-19aren eragina zela medio.