Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak 21 urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, iazko urrian Iruñeko Arrotxapea auzoan emakume bat hiltzeagatik. Gizonak haren kontrako karguak onartu ditu: azpikeriaz eta ankerkeriaz hil izana biktima, eta hari mehatxuak egin izana. Aringarria ere aplikatu diote buru nahasmendua izateagatik. 21 urte horietatik 15 eman beharko ditu espetxean; ondoren, Espainiaren administraziopeko lurraldeetatik egotziko dute, eta hamar urtez ez du itzultzerik izango. Epaia onartu duenez, azaroan egin beharreko epaiketa bertan behera geratuko da.
Hilketa iazko urrian izan zen, Iruñeko Carmen Baroja Nessi kaleko lokal batean. Hiltzailea han bizi zen, maizter, beste zenbait lagunekin batera, eta, orduan zenbait hedabidek jakinarazi zutenez, maiz izaten zituen liskarrak etxeko jabearekin eta gainerako maizterrekin. Hildakoa etxeko jabearen alaba zen, 20 urte zituen, eta hiltzaileak hainbat labankada eman zizkion bularraldean. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, eta han hil zen, zaurien ondorioz. Hari ere behin baino gehiagotan egin zion mehatxu hiltzaileak, eraso egin aurretik.