22 urteko zigor eskaera Lukas Agirre hiltzeaz akusatutako gaztearendako

Gaurko saioan, aldeek beren txostenak aurkeztu dituzte, eta deklaratzera deitutako hamasei ertzainetatik batek deklaratu du. Gainerakoek datozen egunetan egingo dute.

Lukas Agirreren hilketaren epaiketaren artxiboko irudi bat, Donostian. EFE
Lukas Agirreren hilketaren epaiketa, gaur, Donostian. EFE
Miren Mujika Telleria - Isabel Jaurena
Donostia
2026ko maiatzaren 11
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

2022ko abenduan hil zuten Lukas Agirre, labana sartuta. 24 urteko hernaniarra hilda topatu zuen Ertzaintzak Eguberri eguneko goizean, Donostian. Ortziralean hasi zen epaiketa —epaimahaia eratu zuten—, eta ekainaren 1era arte iraunen du. Gaurko saioan, aldeek beren txostenak aurkeztu dituzte lehenik, eta ondotik, hamasei ertzain deklaratzekoak baziren ere, bakarrak deklaratu du, luze jo baitu saioak. Gainerako ertzainak datozen egunetan pasatuko dira epailearen aurretik.

Hiru lagun epaitzen ari dira. Haietako birendako 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak; «giza hilketa» leporatzen diote bati, eta «ezinbesteko laguntzaile» izatea bertzeari. Hiru urteko zigorra eskatu du fiskaltzak hirugarrenarentzat, «estaltzaile» izatea egotzita. Kartzela zigorrez gain, lehenbiziko biei kalte ordainak ere eskatzen dizkie fiskaltzak: guztira 280.000 euro. Lukas Agirre zenaren familiako kideak, berriz, akusazio partikular gisa aurkeztu dira, eta zigor handiagoak eskatu dituzte: 25 urtekoa lehenbiziko bi akusatuendako, eta hiru urtekoa «estaltzaile» izatea leporatzen diotenarendako.

Juan Roman Zubillagak, hau da, «hilketa» leporatzen dioten gaztearen abokatuak ere bere txostena aurkeztu du, eta adierazi mutilak ez zekiela Agirre hilda zegoenik handik alde egin zutenean; hiltzailearen «laguntzaile» izatea leporatzen dioten gizonaren kasuan ere bide beretik jo du haren defendatzaile Eduardo Santamariak. «Erabat ukatzen dut nire bezeroak hilketan lagundu izana; ez zuen aurreikusten lagunak zer asmo zuen labanarekin. Beraz, ezin dugu erruduntzat jo». Gainera, beharrezkotzat jo du esplikatzea bere bezeroak buru osasuneko arazoak dituela, eta desintoxikazio zentroetan egona dela adin txikikoa zenean. Nolanahi ere, abokatuak gaurko auzi saioan halakorik esan ez duen arren, gaur deklaratu duen ertzainak adierazi du Lukas Agirre labanaz hil izanaz akusatutako gazteak egindakoa aitortu zuela atxilotu eta egun gutxira. «Deklaratu nahi zuela esan zuen komisarian. 'Burua joan zait', zioen. 'Pertsona bat hil dut'». 

Jose Antonio Carretero hirugarren akusatuaren defentsako abokatuak dio andrea «errugabea» dela; are, bi taldeen arteko liskarrean «adiskidetzearen alde» egin zuela gau hartan. «Ez zekien akusatuetako batek labana eman zionik beste bati. Ez zekien hildako bat zegoenik ere. Nire bezeroak ez luke hemen egon beharko».

Fiskaltzaren arabera, lehen bi akusatuek «ihes» egin zuten Okendo plazatik, Agirreren gorpua lurrean utzita. Horixe frogatzen duten zenbait irudi ere erakutsi dituzte, segurtasun kamerek grabatu zituztenak. Bideo horretan, lehen bi akusatuak korrika ageri dira hiriaren erdialdeko kale batean, eta bietako batek ezkerreko oinetakoa falta du. Hirugarrena, berriz, hamar bat segundo geroago grabatu zuten kamerek, leku berean. «Nire bezeroa korrika atera zen bi gizonak korrika ikusi zituenean, baina ez zekien zer gertatu zen».

Iñigo Iruin Lukas Agirreren familiaren abokatuetako batek ontzat jo du fiskaltzaren txostena. Haren irudiko, lehen auzipetuak hil zuen Agirre, eta bigarrenak, berriz, «parte hartze zuzena» izan zuen hilketan; beraz, uste du hargatik kondenatzea dela zuzenena. «Harena zen labana. Hiltzaileari eman izan ez balio, Lukasek 27 urte izango lituzke gaur». Uste du hirugarrenak ere zerikusia izan zuela. «Badaki zer gertatu zen, eta egia jakiteko bidea oztopatu dio Poliziari».

Fiskaltzaren txostena

Fiskaltzaren txostenaren arabera, egun hartan Agirrerekin zeuden lagunek eta hiru akusatuek Victoria Cafe diskotekan topo egin zuten, eta «eztabaida» bat izan zuten kanpoan. Ondoren, «laguntzaile» izatea leporatzen dioten mutilak labana bat eman zion «hilketa» egozten dioten akusatuari, betiere fiskaltzaren kontakizunaren arabera; azkenean «bakeak egin», eta Okendo plazaren bertze alderantz abiatu ziren. 

Bitarte horretan «tentsioak gora» egin zuen, eta orduan, «bat-batean eta inork espero izan gabe», akusatuetako batek labana sartu zion Agirreri gorputzaren ezkerreko aldean eta lepoan, «biktimak bere burua defendatzeko aukera oro baztertuta». «Haren bizia amaiarazteko asmoz aritu zen une oro, aurretik bien arteko liskarrik gertatu gabe». Are, fiskaltzak zera nabarmendu du, bigarren akusatuak lehenbizikoari ustez labana eman zionean haren asmoen «guztiz jakitun» zela. Hirugarren akusatuak, berriz, labana «bota» zuen, eta ikerketa oztopatu, fiskaltzaren arabera. 

Iruinek Okendo plazako irudiak erakutsi ditu gaurko saioan, bai eta gertakarien hitzezko argazki orokor bat egin ere. Dio bi eszenatoki egon zirela; bata, liskarra piztu zen gunea —Victoria Cafe diskotekatik gertu—, eta hilketarena —Maria Cristina hotelaren kanpoaldean—. Abokatuak azaldu du biktimaren lagunetako bakar batek ere ez zuela ikusi labankada, «laguntzaile» izatea egozten diotenaren borrokan parte hartzen ari zirelako. Esan duenez, Ertzaintzak akusatuen hainbat elementu aurkitu zituen gau hartan Agirre hil zuten lekuan, hala «hiltzaile» izatea leporatzen dioten gaztearen ezkerreko oinetakoa nola ustezko laguntzailearen giltzak, sakelakoa eta diru zorroa. Uste du epaiketak erakutsiko duela biak direla errudun.

Kistiñe Lujanbio Lukas Agirreren familiaren beste abokatua bat dator Iruinekin. «Lukas hilda dago, eta uste dugu hiru auzipetuek dagokien zigorra jaso behar dutela horregatik». Are, esan du hiltzaileak ez zuela nolanahiko labana erabili, eta akusatuek ondo zekitela zer gerta zitekeen gisa horretako arma bat erabiliz gero.

Juan Roman Zubillaga hilketa leporatzen dioten gaztearen defentsako abokatuaren ustez, «arraro samarra» da labankada inork ikusi ez izana. «Hamahiru lagun zeuden orduan Okendo plazan, eta inork ez zuen ikusi nork sartu zion labana Lukasi?». Iruditzen zaio ez dagoela inolako arrazoirik bere bezeroa erruduntzat jotzeko. «Oraingoz behintzat, froga gabezia dago, eta ezin dugu esan nork hil zuen Lukas». 

Poliziak 06:20 aldera izan zuen erasoaren berri, eta gaztea Okendo plazan aurkitu zuen, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta bertze zenbait gorputz ataletan. Larrialdi zerbitzuak hura suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Kasua xehe aztertu zuen ertzain batek deklaratu du gaurko saioan, eta kontatu du gau hartan bertan Agirreren lagunek zera deklaratu zutela, bigarren auzipetua ikusi zutela jakako ezkerreko patrikatik «zerbait» (labana) atera nahian, baina inork ez zuela labankada bera ikusi.

Hiru akusatuek epaiketaren azken egunetan egingo dituzte deklarazioak, maiatzaren 28an eta 29an. Bien bitartean, hainbat lekuko pasatuko dira epailearen aurretik. 

Oroimen plaka

Hilketaz geroztik zenbait elkarretaratze egin dituzte Okendo plazan. Haren oroitzapena iraunarazteko, ordea, bertze pauso bat emateko eskatu zioten 2023an Donostiako Udalari: Okendo plazan plaka bat jartzeko.

Salatu zutenez, lehen eskaerari ezezkoa eman zion udalak, «modu ankerrean». Beste eskaera bat tramitatu zuten orduan, eta sinadura bilketa bat hasi.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE