23 urteko espetxe zigorra ezarri diote Estellerriko etxe agentzia bateko jabeari, 226.000 euro bidegabe eskuratzeagatik

Nafarroako Justizia Auzitegiak bi epaitan zigortu du gizona, 2021etik 2024ra etxebizitzen salerosketetan berme gisa emandako dirua bereganatzeagatik. Hogei bat laguni 201.433 euro kendu zizkien, eta kopuru hori biktimei itzuli beharko die.

Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Justizia Auzitegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne begiristain
2026ko urriaren 28a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Justizia Auzitegiko Bigarren Atalak 23 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Estellerriko (Nafarroa) etxe agentzia bateko jabeari, etxebizitzen salerosketetan berme gisa jasotako 226.000 euro baino gehiago bidegabe eskuratzea leporatuta. Epaitegiak bi epaitan zigortu du gizona, irailaren 25ean eta urriaren 22an emandako ebazpenetan.

Lehen epaian, irailaren 25ekoan, bost urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio, bidegabeko jabetze delitu astungarri bat egotzita. Gainera, kaltetutako lau pertsonari launa mila euro ordaindu beharko dizkie eragindako kalte ekonomikoengatik, eta beste mila bana euro kalte moralengatik.

Bigarren epaian, urriaren 22an emandakoan, bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diote iruzur jarraituagatik, eta beste bederatzi urtekoa bidegabeko jabetze jarraituagatik. Epaiaren arabera, hogei bat laguni 201.433 euro kendu zizkien, eta kopuru hori biktimei itzuli beharko die.

Bi epaietan, gainera, astungarri gisa aplikatu diote delitua berriro egitea. Izan ere, hura epaitu zuten azken epaiketan, akusatuak berak aitortu zuen aurrez zortzi zigor epai zituela, eta duela gutxi beste hiruren berri eman ziotela. 

Hiru urtez iruzur egiten

Gizona Vianan egoitza zuen etxe agentzia baten administratzaile bakarra eta legezko ordezkaria zen. Berak sortu zuen enpresa, eta, langileak izan arren, berak kudeatzen zituen salerosketa kontratuak, berme gisa jasotako diru kopuruak eta bankuetako kontuak. Jasotako diruaren gaineko kontrol osoa zuen.

Epaileak frogatutzat jo duenez, 2021etik 2024ra hainbat higiezin eragiketa iruzurrez kudeatu zituen, ahalordeak eta agiriak faltsutu zituen, eta ez zien saltzaileei zegokien dirua eman. Epaileen arabera, baimenik eta ahalmen formalik gabe jardun zuen, bereak ez ziren etxebizitzak saltzeko itxurak eginez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA