Gaur jakinarazi dituzte Eustatek eta INE Espainiako Estatistika Institutuak etxerik gabe daudenen datuak. 2005. urteaz geroztik %14 hazi da aterpetxeetara eta jantoki sozialetara jo duten herritarrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, Eustatek azaleratu du herrialde horietan etxerik ez dutenen artean gehiago direla etorkinak (%60) bertan jaiotakoak baino.
Nafarroan 330 pertsona daude etxerik gabe, eta 1.991 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Azken hiru herrialde horietan, etxerik ez duten etorkin gehienak (%79) Afrikatik etorritakoak dira. Bizkaian dago etxerik gabeko pertsona gehien, eta Araban gutxien. Hain justu, Araban %35 jaitsi da etxegabeen kopurua 2005az geroztik. %36 hazi da Bizkaian, eta %28 egin du gora Gipuzkoan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxegabeen %81 gizonezkoak dira, eta %35ek 18 eta 29 urte bitartean dituzte. Nafarroan, %91 dira gizonezkoak.