24. Korrika

AEK-k festa eta aldarria uztartuko ditu Korrikaren akabera ekitaldian, Bilbon

12:30ean iritsiko da furgoneta Bilboko udaletxeko plazara, eta han irakurriko dute lekuko barreneko mezua. Kontzertuak, azokak, erakusketak, herri kirolak eta bertzelako postuak antolatu dituzte gerorako.

Korrikaren azken egunari buruzko agerraldia gaur, Bilbon. AEK
Korrikaren azken egunari buruzko agerraldia gaur, Bilbon. AEK
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 24a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bortz egun barru Bizkaiko hiriburura sartuko da Korrikako furgoneta, eta Bilboko udaletxeko zubitik igaro ahala beteko du 2.750. kilometroa. Ibilbidea bukatu, eta ekitaldia hasi. Izan ere, hantxe eginen dute Korrikaren akabera ekitaldia, eta estreinako aldiz eman dituzte gaur hari buruzko xehetasunak, Bilboko Kalderapeko kulturgunean. Iraitz Zuluaga eta Irati Manzisidor aritu dira solasean, eta hitzeman dute bi osagai nahastuko direla hilaren 29an: festa eta aldarria.

Igandea «euskararen aldeko lanean segitzeko akuilu» izatea nahi dute, eta hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako: azoka, kontzertuak, herri kirolak, herri bazkaria eta erakusketak, kasurako. Aurreikusten dutenez, 12:30ak aldera iritsiko da Korrika, eta Ernesto Erkoreka plazan eginen dute azken ekitaldia. AEK-ko kideen eskutik iritsiko da lekukoa, eta jarraian mezu egileak lekukoaren barreneko mezua irakurriko du, AEK-ko kideak aldean dituela. «Orduantxe jakingo dugu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora joan den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor den, eta, noski, baita mezuan zer dioen ere».

Hainbat gunetan banatuko dute akabera, baina guneei buruzko zehaztapen gehiago eman aitzinetik, kontu bat utzi dute argi: «AEK-k berariazko protokoloa ezarri du martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin». Eta, bertzetik, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute. 

Eremu adina eskaintza

Sei gune izanen dira orotara. BBK gunea familientzako izanen da, eta puzgarriak jarriko dituzte Bailen kalean. Naiz gunea Areatzan kokatuko dute, eta kontzertuak eginen dituzte bertan —La Basu, Arranoaren Hegaldia, Añube eta Akerbeltz—. Arriagan, berriz, jatekoa, azoka eta herri kirolak izanen dira, eta San Nikolasen, paraleloki, bertze kontzertu batzuk: Zerotan, Bele eta Miserabliak. Bosgarren eremua Etxepare Euskal Institutua gunea izanen da, eta Plaza Barrian kokatuko dute. Mundu bat KORRIKA! erakusketa eta horma irudia jarriko dituzte ikusgai, eta baita hainbat ikus-entzunezko ekitaldi ere: Punpairez ikuskizuna, bertso saioa eta kontzertu akustiko bat. Azken gunea Zazpikaleetan jarriko dute: Yogurina Borova, Txalainak eta DJ Elepunto izanen dira jotzen. Korrika denda ere zabalik izanen da arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!