Ane Elordi: «Argi adierazi dugu Euskal Herri euskalduna denon ametsa dela»

AEK-k 24. Korrikaren balorazioa egin du, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei: «Beste behin adierazi dugu euskara garela, eta masiboa izan da parte hartzea Korrikan».

Korrikaren bukaera, atzo, Bilboko udaletxe aurrean, mezua idatzi zuten zazpi gazteak aurretik doazela bizkarretik helduta, lekukoarekin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTE / FOKU
Korrikaren bukaera, atzo, Bilboko udaletxe aurrean, mezua idatzi zuten zazpi gazteak aurretik doazela bizkarretik helduta, lekukoarekin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2026ko martxoaren 30a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Masiboa». Halakoa izan da 24. Korrika, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailearen esanetan. Hilaren 19an hasi zen, Atharratzen (Zuberoa), eta, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartzeren ostean, atzo amaitu zen, Bilbon. Bertan egin dute gaur balorazioa AEK-ko kideek eta mezu sekretua ondu eta irakurri zuten gazteek.

Lehenik, eskerrak eman dizkio Elordik Euskal Herriari: «Izugarria izan da hamar egun hauetan jaso dugun babesa. Beste behin adierazi dugu euskara garela, eta masiboa izan da parte hartzea Korrikan: zenbat jende, eragile, instituzio batu diren euskararen epeltasunera eta Korrikara». Esan duenez, «zaila» da jakitea zehazki zenbat pertsonak parte hartu duten, baina gustura daude erantzunarekin: «Ezinezkoa da kontatzea, baina egia da hasi zenetik atzo Bilbora iritsi arteko irudiak ikusiz gero izugarria izan dela jendearen partaidetza; jende gutxiko tarterik ez da egon, eta atzo Bilbo zelan zegoen ikustea ere zoragarria zen. Argi adierazi dugu Euskal Herri euskalduna denon ametsa dela eta jende asko horretan jarduteko prest dagoela».

«Agerikoa da badagoela herri gogo bat euskararen alde egiteko, eta, orain, erronka da asmatzea hori guztia kanalizatzen eta Euskal Herri euskalduna lortzen»

ANE ELORDI Korrikaren koordinatzailea

Behin lekukoa Bilbora ailegatuta, AEK biharamunari begira jarri da. Izan ere, Elordiren irudiko, funtsezkoa da «kanalizatzea»: «Atzo mugarria zen Bilbo euskaldunez eta euskaltzalez betetzea, baina argi daukagu hemendik aurrerako lanketak asko eta askotarikoak izan behar direla, eta horri erreparatuko diogu». Herri gogoa ikusten du: «Agerikoa da badagoela herri gogo bat euskararen alde egiteko, eta, orain, erronka da asmatzea hori guztia kanalizatzen eta Euskal Herri euskalduna lortzen».

Horretan ere ekarpena egin asmo du AEK-k eta, beraz, bi ekintza antolatu dituzte: apirilaren 22an, eskola bat doan emango dute AEK-ko euskaltegi guztietan —izen ematea zabalik dago—; maiatzaren 21ean, berriz, mintzodromoak egingo dituzte, euskara praktikatzeko aukera emateko. Mezu bat zabaldu du Elordik: «Korrikara etorri zara: hartu konpromisoa, eta jarraitu euskararen alde egiten».

25.ari begira

24. Korrika amaitu orduko galdetu diote kazetariek Elordiri 25.az. «Urrun ikusten dugu hurrengo Korrika, baina konturatu orduko gainean izango dugu. Egunotan baloraziorako tartea hartuko dugu, eta laster batean 25.ari begira jarriko gara. Beti esaten dugu nahi dugula Korrikarik egin beharrik ez izatea, baina badirudi 25.a ere egin beharko dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA