«Ez dakit zer ikusiko dudan Korrika amaitzen denean». Irakurle, agian, zuk ere behin baino gehiagotan pentsatu edo esan izan duzu hori Korrika hasi zenetik. Goizean esnatu orduko, Korrikaren zuzeneko emankizuna: «Non ote dabil orain?». Eta ohera sartzean, azken begiratua: «Non ote dabil orain?». Egunean zehar ere, behin baino gehiagotan: bazkaltzen, arratsaldeko siestaren aurretik eta baten batek lanean ere bai agian.  Euskaltzale asko eta asko Korrikaren 24 orduko emankizunari itsatsita bizi dira egunotan. Oso arrakastatsua da: 23. Korrikan 1,7 milioi ikustaldi izan zituen. 24.ean ere milaka batzuk izango ditu dagoeneko. Badu lana Korrika edonondik edonora eta edonoiz eramateak.
Korrikako aurreko furgonetaren ertz batean eserita doa Nagore Sarasola Aramendia, kamera eskuan. Hamaika Telebistako langilea da, eta bera da zuzeneko emankizunaz arduratzen den bi kamerarietako bat. Hamalau orduko txandak egiten dituzte, furgoneta gidarien taldearekin batera: «Hamaika Telebistako bi pertsona egoten gara denbora guztian, hamaika egunez etenik gabe emankizuna Euskal Herriari erakutsi ahal izateko. Furgoneta gidariekin antolatzen gara, haiekin ibiltzen gara gau eta egun».
«Furgoneta gidariekin antolatzen gara, haiekin ibiltzen gara gau eta egun»
NAGORE SARAROLA ARAMENDIAÂ Hamaika Telebistako kameraria
Une oro kamera grabatzen ari dela bermatzea da haren lana. Hizketan ari den bitartean ere lanean jarraitzen du: «Adibidez, orain [furgonetak bihurgune bat hartu du] zoom-eta egin behar dut; lekukoa ezin dut bistatik kendu».Â
Puntu beltzak dira buruhauste handienetarikoak eragiten dituztenak; hots, Korrikaren furgonetak kabitzen ez diren lekuak. Toki horietan, behera jaitsi, eta lasterka grabatzen dituzte lekuko hartze guztiak: «Baldintza asko daude, baina saiatzen gara gertatzen den guztia dokumentatzen. Motxila batekin joaten gara, seinalea bermatzeko, eta batzuetan huts egiten duen arren, dena grabatzen dugu, eta normalean, Hamaika Telebistan kilometro horiek grabatuta geratzen dira». Adibidez, gaur goizean izan dute bat: «Gaur goizean, adibidez, Pasai Donibanetik San Pedrora pasatu gara, txalupa gainean, eta polita da bat-batean txalupa horretan egotea Euskal Herri guztiari irudi batzuk grabatzen». Zuzeneko emankizunaz gain, aukera dago lekuko hartze horiek guztiak grabatuta eskuratzeko ere: «Hamaika Telebistak apustu handia egiten du Korrikarekin, eta, zuzenekoaz gain, Euskal Herri guztiari ematen diogu kilometro guztiak bereizmen handian deskargatzeko aukera».Â

Behin irudiak grabatuta, Amets Vicente errealizadorearen txanda da. Furgonetan dago bera ere, pixka bat atzerago, botoi, argi eta pantaila pila baten aurrean: «Hemen kamerako seinaleak hartzen ditut, eta Tolosara bidaltzen ditut. Tolosan grafismoak jartzen dituzte, eta hortik telebistara eta Youtubera bidaltzen dute dena». Orotara, lau kameratako irudiak kudeatzen ditu: aurreko furgonetak bi kamera ditu atzean, bat goian eta bestea eskuinean; aurrean ere badu beste kamera bat, eta irudi batzuk drone bidez ere grabatzen dituzte.
Argazkiak ere bai
Zuzeneko emankizuna ez ezik, lekuko hartze guztien argazkiak ere jartzen ditu AEK-k Flickr plataforman, nornahiren eskura. Eder Sagredo ari da klik eta klik, beste bi argazkilarirekin batera. Ez da nolanahiko lana: «Lehenengo egunean, 3.000 argazki atera genituen, eta hortik aurrera, 800 eta 1.300 artean igotzen ditugu egunero».Â
«Lehenengo egunean, 3.000 argazki atera genituen, eta hortik aurrera, 800 eta 1.300 artean igotzen ditugu egunero»
EDER SAGREDO Kameraria
Argazkiak atera ostean, Flickr plataforman jartzen dituzte. Sagredo: «Saiatzen gara leku lasaietan egiten, baina gehienetan ezin dugu toki lasaietan bakarrik egin. Aukeraketa txiki bat egiten dugu, eta igotzen hasten gara. Etengabeko lana da, nahiko handia». Eta zain dagoenarentzat, ohartarazpena: «Korrikak aurrera egin ahala, ziur aski joango gara aurreko kilometroetako argazki gehiago igotzen».
Gaur ere gelditu gabe ibili dira egun osoan. Lapurdin hasi du eguna Korrikak, baina segituan egin du Gipuzkoara; Donostian eman du goiz osoa. Harrera beroa egin diote auzo guztietan, eta, asteazken goiza izanda, eskola ume pila bat izan ditu esperoan. Ekuatorea ere bertan izan da; Amaran bete du Korrikak ibilbidearen erdia, 1.718. lekuko hartzean. Ostean, zenbait lekuko hartze gogoangarri izan dira: alderdi politikoenak, gehiengo sindikalarena, Gure Esku-rena... eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek ere eutsi diote lekukoari; Ibone Bengoetxea Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak hartu du, eta ondoan izan ditu EAJko sailburuak: Mikel Jauregi, Bingen Zupiria, Nerea Melgosa eta Amaia Barredo.

Donostiatik Buruntzaldera egin du, eta handik, Gipuzkoako kostara. Jendez leporaino denak: Zarautz, Zumaia... Arratsaldea amaitzerako sartu da Bizkaira, lehenengoz, Ondarroatik.