«Gazte olatua». Horixe sortu nahi du Gazte Euskaltzaleen Sareak 24. Korrikaren bueltan. Horretarako, badituzte proposamenak: gazteak Korrika batzordeetan parte hartzera deitu dituzte, propio 24. Korrikarako sortu duten zapia soinean dutela lasterka egiteko eskatu diete, eta Korrikaren amaierarako, hilaren 29rako, egitaraua ondu dute Bilbon: 10:30ean, Casillan, gazte euskaltzaleen «olatua» osatu asmo dute. Gaur aurkeztu dituzte ekimenak, agerraldi jendetsu batean, Gernikan (Bizkaia), gazteak «erdigunean» jartzeko eta Korrikan «aktiboki parte hartzeko».
Joanes Aranguren Arrieta da sareko kideetako bat. Korrika iristerako, zera proposatu dute: gazteek Korrika antolatzen lagundu eta Korrika batzordeetan parte har dezatela. «Ederra litzateke Korrika batzordeak gaztez beteta ikustea, eta batzuetan lortzen ari gara; gazteak ari dira euskararen bueltan antolatzen». Auzo eta herrietako batzordeetarako gida bat ondu dute. «Euskararen aldeko egitasmoak pizteko tresnak agertzen dira gidan, batzordeek duten potentzialtasun hori zukutzeko asmotan». Gida horren bidez euskararen egoeraren inguruan «kontzientziak piztu» nahi dituzte, eta, horretarako, besteak beste, proposatu dute Korrikaren «gazte simulakroak» egitea: «Gazte euskaltzaleen parte hartze politikoa bultzatu nahi dugu».
«Helburua ez da Korrika bera indartzea soilik, baizik eta hori pizgarri izan dadila gazte euskaltzaleek aurrerantzean ere lanean jarraitzeko»
JOANES ARANBURU Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea
Behin Korrika iritsita ere, badute proposamenik. Bat: gazteen zapia soinean dutela korrika egitea: «Zapiak izanen dira gure elementu bereizgarria». Halaber, gazte euskaltzaleek «lehen lerroak» hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du Arangurenek, eta bestelako aldarriak ozentzeko garaia ere badela: «Korrikan, gazte euskaltzaleek tokian tokiko aldarriak atera ditzatela nahi dugu, hala nola ofizialtasunari buruzkoak eta zonifikazioaren kontrakoak. Eta, orokorrean, adieraztea gazteok hau guztia egiten dugula nahi dugulako eta konpromisoa daukagulako gure herria euskalduntzeko».
Bilboko egitaraua
24. Korrika hilaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi eta hilaren 29an helduko da Bilbora. Aranguren: «Indar erakustaldi bat egin nahi dugu. Gazte euskaltzaleak batu nahi ditugu mobilizazio erraldoi batean, Korrikan bertan». Zehaztu dutenez, 10:30ean, Casillan, «gazte euskaltzaleen olatua» sortuko dute: gazteak elkarrekin sartuko dira Korrikara, denek zapia lepoan dutela. Ondoren, 13:30ean, Hots Kolektiboa elektrotxarangak joko du. Eguna «festarako, saretzeko eta borrokatzeko» izatea dute xede.
Halere, Gazte Euskaltzaleen Sarearen jarduna harago doa. Korrikaren biharamunean ere pentsatzen jarriak dira, eta espero dute 24. Korrika pizgarria izango dela gazteek euskararen alde borrokan jarraitzeko: «Aukera handia ikusi dugu gazte euskaltzaleen aktibaziorako. Helburua ez baita Korrika bera indartzea soilik, baizik eta hori pizgarria izan dadila gazte euskaltzaleek aurrerantzean ere lanean jarraitzeko».