Korrika(n) ez da lokartzen

Korrikak aurrera jarraitzen du gauez ere, «modu intimoagoan», furgoneta gidarien irudiko. Astelehenetik astearterako gauean omenaldia egin diote Juan Gorritiri, eta BERRIAko langileek ere hartu dute lekukoa. Baionara ere ailegatu da.

24. Korrika Tolosan, bart gauean. ANDONI CANELLADA / FOKU
24. Korrika Tolosan, bart gauean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Baiona
2026ko martxoaren 24a
19:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehena. Lekunberri (Nafarroa). 19:45. Ilunabar gorri-gorria atzean, eta Korrikaren furgonetaren argiak parez pare. Ilunabarra are politagoa da Korrika datorrenean. Furgonetak ertzetan dituen heldulekuetako bati eutsi, eta barrura. Irakurle, Korrika ez da gelditzen, ez da lokartzen, ezta gauez ere, eta gau horietako batean ikusi, bizi eta sentitu daitekeena kontatzeko saiakera bat da hurrengo lerroetakoa.

Barrura sartu. Berokia eta motxila furgonetako kaxoi eta aldi berean eserleku direnetako batean sartu. Furgoneta gidariek furgonetak dituzte etxe hamar gauez eta 11 egunez, eta bat bertara sartu orduko sentiarazten dute etxean: «Gazta pixka bat-edo jango duzu». Eta: «Afalduta etorri al zara? Hemen daukazu janaria; hartu nahi duzun dena».

Lekunberritik Lezaetara eta Lezaetatik Betelura. 21:00ak. Badator gaueko lehen une magikoa. Bozgorailuetan musika ozen: «Arriben bizi da Juan Gorriti aztia...». Eta ingurukoak ondoan dituela, Juan Gorriti eskultoreak hartu du eskuan Korrikaren lekukoa. Korrikak eta AEK-k omenaldia egin diote; oraintxe eskuan duen Korrikaren lekukoa berak egina da. Sartu da Joxe Mari Agirretxe Porrotx ere furgonetara: «Bihotza, burua, eskua. Sentitu, pentsatu, ekin! Beti euskararekin! Hemen gaude euskararen alde!». Gorritik erantzun dio behetik: «Hemen gaude euskararen alde! Hemen gaude euskararen alde!». Eta galdera egin dio Porrotx-ek: «Zer sentitzen duzu?». Gorriti: «Zer sentitzen dudan? Hau hunkigarria dela eta euskara beti zutik egongo dela».

Juan Gorritiri AEK-k eta Korrikak egindako omenaldia, bart gauean. AEK-KORRIKA
Juan Gorritiri AEK-k eta Korrikak egindako omenaldia, bart gauean. AEK-KORRIKA

Sentitu, pentsatu eta ekin... aurrera jarraitu du Korrikak: 21:30 aldera sartu da Gipuzkoara, Lizartzatik, eta jendetza izan du zain lurralde osoan: Tolosan milaka eta milaka pertsona, Anoetan, Iruran, Villabona-Amasan... Haietako bat Maixux Zugarramurdi, 24. Korrikako abestiaren egilea, Pello Reparazekin eta Erramun Martikorenarekin batera. Txaranga doinuen eta irrintzien artean egin du aurrera. Andoainera ere ailegatu da Korrika 00:30 aldera, eta Martin Ugalde kultur parkean heldu diote lekukoari BERRIAko langileek.

BERRIAko langileak Korrikaren lekukoa eramaten, bart gauean. ANDONI CANELLADA / FOKU
BERRIAko langileak Korrikaren lekukoa eramaten, bart gauean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Gau jendetsua izan da: leporaino beteta herriak eta herrien arteko bideak. Kaleak eta kale ertzak. Izan dute lana furgoneta gidariek: gidatu, autoei pasoa eman, korrikalariei errepidearen lerro bakarra hartzeko eskatu, argazkiak eta bideoak atera... Gaueko txanda tokatu zaienetako bi dira Josu Ramos Etxezarreta eta Joana Txarterina Goikuria. 

Desorduak dira, baina gustuko dute furgonetan gauez ibiltzea. Txarterinaren irudiko, «intimoagoa» da. Bai parte hartzaileekin egoteko: «Agian, aukera gehiago daukagu korrikalariekin hitz egiteko». Baita furgoneta gidarien talderako ere: «Ez dago hainbeste prentsa, eta gure arteko harremana estuagoa izan daiteke: gehiago hitz egin, gehiago egon». Ados dago Ramos ere: «Ez dakit dibertigarriagoa den, baina desberdina bai behintzat. Berezia izaten da. Hotz handiagoa egiten du, baina gauak eramangarriak izaten dira».

«Ez dakit dibertigarriagoa den [gaua], baina desberdina bai behintzat. Berezia izaten da»

JOSU RAMOS ETXEZARRETA Furgoneta gidaria

Baina, gaua izaki, badira aintzat hartu beharreko zenbait kontu, segurtasunari lotuak gehienak. Ramos: «Errepide guztiak ez daude moztuta, eta, orduan, beti ibili behar dugu oso adi, ea aurretik edo atzetik autoak dabiltzan, eta une oro mikrofonotik abisatzen: ‘Sartu errepidearen alde bakarrean’». Txarterinak gogorarazi du gomendagarria dela zerbait islatzailea eramatea: «Haiek bide bazterrean daude zain, eta, askotan, iritsi arte ez dituzu ikusten; orduan, hori da agian arazorik handiena. Haiek, agian, gu ikusten gaituzte, hobeto entzuten gaituzte eta furgonetaren argiak ere hobeto ikusten dira, baina guk haiek gutxiago».

«[Gauean] Ez dago hainbeste prentsa, eta gure arteko harremana estuagoa izan daiteke»

JOANA TXARTERINA GOIKURIA Furgoneta gidaria

Txanda aldaketa

Gaur 01:30era arte egongo dira furgonetan. Gaur edo bihar? Korrikan denboraren nozioa ere galdu egiten da. Ez da erraza jakitea norbera zein egunetan bizi den ere. Txarterina: «Gaur 01:30era arte egongo gara; gero, hamalau orduan atseden hartuko dugu, eta 15:00-16:00 aldera sartuko gara berriro». Lekukoa eskuz esku Bilboraino iritsi arte tokatuko zaie gau gehiagotan lan egitea. Ramos: «Lehenengo egunean gaua egin genuen, baita bigarrenean ere; gero, egunez aritu gara, eta azken egunera arte gauak izango ditugu orain; beraz, ziurrenik izango ditugu kontatzekoak».

01:30. Txanda aldaketa. Urnieta inguruan atera da furgoneta gidarien talde bat, eta sartu da bestea. Batzuentzat «gabon» dena «egun on» da besteentzat. Horrelakoa da Korrika. 

Urnieta, Hernani, Astigarraga, Oiartzun... Jendea, jendea eta jende gehiago. 04:00ak. Kafea iritsi da furgonetara. Mikrofonotik eskerrak: «Eskerrik asko kafea eman digun tabernari». Zenbat horrelako.

Irun. 05:00ak. Kazetariari ailegatu zaio jaisteko ordua, bederatzi orduren ostean. Nekatuta, baina irribarrea ahotik ezin kendu. Bihar Korrikako beste egun bat izango da. Lapurdira, Baionara ere ailegatuko da. Bihar edo gaur?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!