Lekukoa Bilbora ailega dadin

Bizkaiko kostaldean eta Bilbo Handian ibili da Korrika, besteak beste, eta arraun surfean egin ditu metro batzuk. Lekukoak aurrera jarraitu dezan, ezinbestekoak dira furgoneta gidariak. Lan nekeza da, baina pozik egiten dute.

Jendetza lasterka Santurtzin, gaur arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jendetza lasterka Santurtzin, gaur arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Zalla
2026ko martxoaren 26a
20:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txaleko urdinak dituzte soinean, eta hor dabiltza: furgonetatik igo eta jaitsi, pankarta jaso eta jarri, lekuko eramaileei non jarri adierazi, mikrofonotik animatu, gidatu. Korrikako furgoneta gidariak dira, ezinbestekoak Korrikaren lekukoak eta mezuak eskuz esku Atharratze (Zuberoa) eta Bilbo josi ditzan.

«Gure lana da, azken finean, lekukoa Bilbora ondo iristea, eta, horretarako, baliabide guztiak ondo antolatzea, ondo kudeatzea». Korrika saio batzuk egin ditu, eta atzeko furgoneta gidatzen ari da Oier Agirresarobe. Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu 11 egun eta hamar gauotan dituzten egitekoak: «Batetik, gidari lanak, kopilotu lanak, ordutegia zaindu, pankarta bere lekuan eta lekukoa zainduta egongo dela bermatu, inguruko ezerk lasterketa oztopatzen ez duela bermatu, animazio on bat egin, giro polit bat sortu, musika txukuna jarri...». 

Oli Artola du ondoan eserita, kopilotu, eta hark jarraitu du egitekoen zerrendarekin: «Lasterketako jendea zaintzen ere ahalegintzen gara: momentu horretan parte diren pertsonak ondo eta gustura daudela kontrolatu, ahalik eta goxoena izan dadila Korrikaren bueltako guztia». Eta korrikalariak ez ezik, elkar ere zaintzen dute: «Gure artean egunaren hasieran zehazten dugu bakoitzak zer ardura hartuko dituen txanda horretan, baina nekearen arabera-eta rolak aldatuz joaten gara, eta denok denetik egiten saiatzen gara».

«Jendea zaintzen ere ahalegintzen gara, [...] ahalik eta goxoena izan dadila Korrikaren bueltako guztia»

OLI ARTOLA Furgoneta gidaria

Baina nola antolatzen da hori guztia? Korrikak bi furgoneta gidari talde ditu, bakoitza 11 pertsonakoa, eta hamalau orduko txandak egiten dituzte. Lanean ari ez direnean, atseden hartzen dute. Gaur, adibidez, Artolaren eta Agirresaroberen taldea 10:00etan sartu da furgonetan, eta 00:00ak arte bertan egotekoak dira.

Lan nekeza da, fisikoki nahiz mentalki; hori ezin uka. Baina gustuko lekuan ez da aldaparik. Biak ala biak ezin gusturago daude AEK-k eta Korrikak eman dien aukerarekin.

«Bizitzak egin didan oparirik ederrenetariko bat da hau». Agirresarobek ezin du irribarrea aurpegitik kendu Korrikaz hitz egitean. Bosgarren aldia du furgoneta gidari. Azaldu duenez, 2005ean, Hernaniko AEKn (Gipuzkoa) lanean ari zela, Korrikako eskualdeko arduraduna izan zen. Katigatuta geratu zen: «Aurretik zetorren Korrikarekiko maitasuna, baina hor askoz gertuagotik bizi izan nuen». Urte hartan goiz antzera pasatu zen Hernanitik Korrika, eta herrikoarekin aski ez, eta Gipuzkoan barna ibiltzea pentsatu zuten Agirresarobek eta Hernaniko beste arduradun batek. «Izugarri gozatu nuen». 

Korrikako furgoneta gidariak, bi furgonetetako batean. AEK-KORRIKA
Korrikako furgoneta gidariak, bi furgonetetako batean. AEK-KORRIKA

Geroztik, AEKn lan egiteari utzi bazion ere, lantokian jai hartzen zuen Hernaniko korrika guztietan laguntzeko: mikrokorrikan, Korrika txikian, Korrika gaztean eta dinokorrikan, eta esatari lanak ere beti egiten zituen. Harik eta furgonetan joateko aukera iritsi zitzaion arte: «Halako batean, furgoneta gidari joateko aukera sortu zen, eta Hernaniko euskaltegiak ni proposatu ninduen bere aukera bezala, eta onartu egin ninduten». Hitz politak baino ez ditu: «Niretzat, amets batetik gertu dagoen zerbait da hamar egun hauek hemen bizi ahal izatea, eta Euskal Herrian gertatzen ari den gauza positibo, polit eta ederrenari begira hamar egun pasatu ahal izatea». Aurtengo leloari egin dio keinu: «Hizkuntzarekiko atxikimendua betidanik izan dut; niretzat, hizkuntza oso garrantzitsua izan da. Euskara garela esaten dugu, oso garbi daukat euskara naizela, eta hemen hau bizi ahal izatea plazer hutsa da niretzat».

«Niretzat, amets batetik gertu dagoen zerbait da hamar egun hauek hemen bizi  ahal izatea»

OIER AGIRRESAROBE Furgoneta gidaria

Artolak, berriz, lehen urtea du Korrikako furgoneta gidari: «Gaurkoa ez dakit zenbatgarren eguna den, ja galduta daukat kontaketa, eta oraindik ikasten jarraitzen dut». Izan ere: «Hau etengabeko ikasketa da, egoera aldatzen delako, baldintzak aldatzen direlako...». 

Eskuz esku soilik ez

Gaur, goizean goiz mugimendu handia izan da furgonetan: hango paperak eta hemengo marrazkiak. Urduritasuna ikusi egiten zen. Ez zen gutxiagorako. Beti esaten da Korrika tipi-tapa egiten dela, gau eta egun, eta ez da nolanahiko erronka. Baina beti erronka dena gaur are erronka handiago bihurtu da: lekukoak Ibaizabal ibaia arraun surf eginez igaro behar zuen, Erandiotik Barakaldora (Bizkaia). Noraino iritsi furgoneta, nola eman lekukoa ibaia gurutzatuko zutenei, nola jarri berriro jendea Korrika... Ikusmina handia zen 13:30erako. Jendetzak eraman du lekukoa Erandioraino, eta jendetza zuen zain Barakaldon. Ikusleren bat mesfidati: «Eta erortzen bada, zer?». Eta, urrunetik, egin die eskaria arraun surfean ibiliko zirenei: «Mesedez, ondo zaindu Korrikaren lekukoa». Halaxe egin dute. Txalo artean ailegatu da Barakaldora.

Gaur Bizkaian ibili da Korrika: goizean, Busturialdean, Uribe Butroen eta Uribe Kostan. Jendez leporaino beteta aurkitu ditu guztiak; batez ere, umeekin. Eta arratsaldean ere Bizkaian jarraitu du: Ezkerraldean, Meatzalean eta Enkarterrin. Bihar ailegatuko da Gasteizera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!