Lekukoa Bilbora bidean da

Gipuzkoan izan da gaur 24. Korrika; jendetzak egin dio ongietorria Goierrin, Tolosaldean, Urolan... Bihar amaituko da, Bilbon, eta lekukoa hara heldu dadin, ezinbestekoa izan da furgonetak mantentzeko taldearen eta anbulantzien lana, besteak beste.

Jendetza Korrikan parte hartzen, gaur goizean, Seguran. AEK-KORRIKA
Jendetza Korrikan parte hartzen, gaur goizean, Seguran. AEK-KORRIKA
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2026ko martxoaren 28a
20:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuberoatik mendebaldera. Atharratzetik Bilbora. Kilometro gutxi batzuk baino ez dira falta Korrikaren lekukoa Bizkaiko hiriburura iristeko, eta, hala 24. Korrika amaitzeko: bihar bukatuko da, 12:00etan, eta orduantxe argituko da lekuko barruan 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze inguru egin dituen mezua, baita nork idatzi duen ere.

Baina bihar lekukoa Bilbon izan dadin, aurrez lan handia egin dute ehunka lagunek, bai Korrika hasi aurretik, baita Korrikan bertan ere: furgoneta gidarien lana da bistakoena, baina badira lekukoa Bilbora bidean izatea bermatzen duten beste batzuk ere. 

Korrikak bi furgoneta ditu; hori jakina da, baina atzetik badu autokarabana bat ere: DJ Bull eta haren taldea. Jon Gotzon Gurrutxaga DJ Bullek azaldu duenez, hau dute laugarren Korrika, eta furgonetak mantentzeko lanaz arduratzen dira: «Bi furgoneten mantentze lana da gure lehentasuna». Haiek gabe, beraz, ezin Bilboraino iritsi. Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu taldearen zereginak: «Adibidez, gasolina botatzea, bozina izorratzen bada hori konpontzea, eta bestelako konponketak egitea: edozein akats mekaniko, soinu ekipoaren akats teknikoak, argiteriaren akatsak... horiek denak. Lekuan bertan eta berehala konpon daitezkeen gauzak dira». 

DJ Bull eta bere taldea autokarabanan. AEK-KORRIKA
DJ Bull eta haren taldea autokarabanan. AEK-KORRIKA

Jada Korrika bukatzen ari da, eta aurten ere izan dute nahiko lan: «Aurten, bozinak askotan izorratu dira. Furgonetenak izorratzen dira gehienbat; nireak oraindik funtzionatzen du. Pentsatu ere egin dute nire autokarabanaren bozina jartzea furgoneta bati».

«Inguruan egoten gara beti, lasterketaren atzean. Furgoneta gidariei babesa ematen diegu»

JON GOTZON GURRUTXAGA Furgoneten mantentze lanen taldeko kidea

Sei laguneko taldea da: «Aurten sei pertsona goaz, eta batzuk probak egiten ari dira, erreleboa ziurtatuta egon dadin, gure dinamika ikas dezaten». Autokarabanan bertan mugitzen dira batera eta bestera. Denborarik gehienean Korrikaren atzean joaten dira, furgoneta gidariek zer behar, horiek denak konpontzeko, baina deskantsurako tartea ere hartzen dute. Gauez, lo. Eta jan? «Inguruan egoten gara beti, lasterketaren atzean. Furgoneta gidariei babesa ematen diegu. Bi furgonetak ondo doazela ikusten dugunean, tartetxo bat hartzen dugu zerbait jateko». 

Korrikako azkenak

Eta haien atzetik, Korrikako ilararen amaieran, bada beste talde bat: anbulantzia. Batez ere, furgonetak zaintzeaz arduratzen da DJ Bull-en taldea; anbulantziako kideak, berriz, korrikalariak zaintzeaz. Iara Duran Goikoetxea da DYAko anbulantziako kideetako bat. Azaldu duenez, hiru txandatan antolatzen dira: 06:00etatik 14:00etara, 14:00etatik 22:00etara eta eta 22:00etatik 06:00etara. 

Une oro Korrikaren atzetik doaz, nori lagunduko: «Gu beti Korrikaren atzetik goaz. Norbait artatu behar badugu, gelditu egiten gara, eta, gero, berriz atzetik harrapatzen saiatzen gara». Duranen hitzetan, zauri arinak izan dira gehienak: «Gehienetan estropezu egin eta muturrez aurrera eroritako jendea izan da, erortzean eskumuturra edo orkatila okertu dutenak. Sustoak izan dira gehienbat». Hortaz, Korrikan bertan artatu dituzte gehienak: «Larria ez bada, dauden lekuan garbitzen dizkiegu zauriak, eta, bihurritu txiki bat bada, izotza jartzen diegu. Gai baldin badira beraien kasa etxera joateko, edo norbaitek eraman baditzake, beraien kasa joaten dira. Larria baldin bada edo leku oso arraro batean baldin bagaude, guk eramaten ditugu». Beraiek ere ezinbestekoak dira lekukoa Bilbora bidean egon dadin: «Ahal duguna egiten dugu, eta, behintzat, segurtasuna ematen saiatzen gara, eta uste dut lortzen dugula».

Gaur ere izan dute zereginik. Gipuzkoan ibili da Korrika. Eguna Debagoienean hasi du, eta, Urola Garaia igarota, Goierrin sartu da; bertan egin du goizaren zatirik handiena: Lazkao, Beasain, Ordizia... Denek egin dute gainezka. Tolosaldean ere egin du sartu-irtena, eta handik Urolara jo du. Euria goian-behean, baina jendea ez da etxean gelditu: ongietorri beroa egin diote Korrikari: Azpeitia, Zestoa, Azkoitia... Elgoibarretik sartu da Debabarrenera arratsaldean, eta Durangaldean amaituko du eguna. Lekukoa Bilbora bidean da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!