Nola heldu furgonetatik mundura

Korrikak Bizkaian egin ditu hainbat kilometro, Arratian, eta Gorbeialdetik sartu da Arabara berriro; Trebiñutik pasatuta, Gasteizera helduko da. Korrikako prentsa taldea 11 kidek osatzen dute, eta Korrikan bizitakoa eta ikusitakoa kontatzen ari dira.

Korrikalariak, atzean zaldiak dituztela lasterka, Gorbeialdean, gaur goizean. AEK-KORRIKA
Korrikalariak, atzean zaldiak dituztela lasterka, Gorbeialdean, gaur goizean. AEK-KORRIKA
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2026ko martxoaren 27a
19:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguna bezperatik hasten da Korrikako prentsa taldean, afaltzeko garaian, mahaiaren bueltan hizketan. «Bihar noizko egotea komeni zaizue Korrikan?». Eta batek: «Nik 07:40an daukat lehen konexioa». Besteak: «Ni pixka bat beranduago joango nintzateke; gauean Gasteizen egon behar dugu, eta berandu bukatuko dugu». 11 kazetariko taldea ari da egunero-egunero Korrika furgonetatik mundura eramaten.

07:00ak. Jo du iratzargailuak Zallako Santxosolo aterpetxean (Bizkaia). Dutxa azkar bat, jantzi, eta autora. Batzuk abiatuak dira jada, beste kotxe batean, eta beste batzuk atzetik etorriko dira, pixka bat geroago. «Nik Igorren hartuko nuke Korrika», esan du batek. Eta abiatu dira, baina segituan harrapatu dute Korrikak eragindako auto pilaketa. Lasai. «Atera petoa leihotik, eta jo bozina». Badu zerbait peto horrek, segituan uzten baitute denek aurreratzen. 09:30erako Korrikan dira kazetariak. 

Autoan geratu da bat, gidari, eta Korrikari atzetik jarraika ari da: Igorre, Arantzazu, Artea, Areatza... Arratiak ongietorri beroa egin dio Korrikari. Autoan, atzetik, polit-polita da Korrika. Ikusten da nekearen nekez nola uzten duen jendeak Korrika, baina ezin irribarrea ahotik kendu. Emakume bat errepide ertzean geldirik, txaloka, begiak malkotan. Konplizitate keinuak eta txaloak eta txaloak prentsako autoari. Esker hitzen bat ere bai. Esker hitzak bueltan: «Aupa zuek! Aupa Korrika!». Edonondik begiratuta ere, ederra da.

Izan ere, kazetaria Korrikan ez da kazetari bakarrik: animatzailea da, prentsa taldeko autoen gidaria, eta furgoneta gidarien laguntzailea ere bai. Hara, furgoneta gidari bat Korrikaren atzean bat-batean. «Kaixo! Korrika egitera atera naiz, eta atzeko furgoneta falta da. Eramango al nauzu berriro aurrera?». Bozina, eta leihotik petoak airean berriro. Badu zerbait peto horrek. Korrikalariak segituan sartu dira errepidearen alde bakarrera.

Korrikako prentsa taldea furgonetan, lehen egunean. AEK-KORRIKA
Korrikako prentsa taldea furgonetan, lehen egunean. AEK-KORRIKA

11:30. Barazarreko mendatea. Korrikan lekuko hartze berezi asko daude, eta horien lekuko izaten da prentsa taldea. Joseba Irazabal furgoneta gidariak hamabost Korrika egin ditu 31 urtean, eta aurtengoa izango du azkena. Ezustean omenaldia egin diote AEK-ko eta Korrikako kideek nahiz ingurukoek. 

Furgonetan eta behean

Kazetariak egin du galdera prentsa taldeko Telegram taldean: «Norbaitek hartuko ahal dit erreleboa furgonetan sartu ahal izateko?» Segituan erantzuna: «Bai, nik gidatu dezaket». Eta polit-polita da Korrika furgoneta gainetik ere. Jendeak nola begiratzen dion lekukoari, nola egiten duen lasterka irribarrez... Konplizitatea furgoneta gidariekin ere: «Zer moduz pasatu duzue gaua?». Bromak eta barreak. Nabari da bederatzigarren eguna dela ja. Eta bideoak, argazkiak, hurrengo eguneko kronika pentsatu... Dena egiten da korrika Korrikan.

Baina, halako batean, galdera taldekide bati: «Jaitsiko al gara korrika egitera?». Eta zer polita den Korrika lurretik ere. Bide guztian taldetxo bat ari da lasterka, eta jende gehiago batzen da herrietan. Arabara sartu da berriz, Gorbeialdera. «Hemen gaude euskararen alde!». Oilo larrua.

Berriz buelta furgonetara. Bertan dago Amaia Gartzia, prentsa taldeko arduraduna. Azaldu duenez, 11 pertsonako taldea da prentsakoa: BERRIAko, AEK-ko eta Hamaika Telebistako bina lagun, eta Argia-ko, Naiz irratiko, Arrosa sareko eta Euskal Irratietako bana, baita EITBko errealizadore bat ere. Eta hiru auto izaten dituzte, atzera eta aurrera, Korrikaren berri emateko: «Bitakora baten bidez antolatzen gara; hor jasota daude bakoitzak egin beharreko konexioak, plangintza, non bazkaldu eta lo egingo dugun...».

Hauxe da, finean, taldearen egitekoa, Gartziaren esanetan: «Prentsa taldearen lana zera da, Korrikaz luze eta zabal informatzea, ahalik eta ondoen, kilometro bereziak jasotzea, eta Korrikaren mezua eta aldarria barreiatzea». Behar-beharrezkoa iruditzen zaio: «Prentsa taldea ezinbestea da, batez ere, garai hauetan. Gainera, Korrika bezalako ekimen bat grafikoki jasotzen ere laguntzen digute; beraz, AEK-ko eta Korrikako kideok eskerrak eman nahi dizkiegu prentsa taldekoei».

«Prentsa taldearen lana zera da, Korrikaz luze eta zabal informatzea, ahalik eta ondoen, eta Korrikaren mezua eta aldarria barreiatzea»

AMAIA GARTZIA Prentsa taldearen arduraduna

13:40. Lehen taldekideak ailegatu dira jatetxera, Murgiara (Araba). Menua bidali dute Telegrametik, eta zerrenda egiten hasi dira: dilistak, arrain zopa, txipiroiak... Ailegatu dira beste bi autoak ere. «Zer moduz joan da goiza?». Eta «Zer, azkenean lortu al duzue elkarrizketa egitea?». Prentsa taldean zaintza ere bai baitago, ahizpatasuna.

Dena korrika egiten da Korrikan, bazkaldu ere bai. Kafea, ezinbestekoa. Eta berriro ere martxan. Batzuk, gidari; besteak, furgonetan. Furgonetara igo, eta furgonetako taldean ere bada zaintza: «Hartu txokolatezko palmera bat. Edo nahi duzue gazta zati bat?». Korrikalari batek ekarri berri die gazta, eta kartel bat du gainean: «Zer da, bada, zaintza elkar elikatzea ez bada?». Korrikalariei begira jarri, eta zenbat pentsamendu burura. Zer-nolako pribilegioa Korrikaren furgonetan egon ahal izatea.

Baina Korrikatik kanpo ere egiten da Korrika. Egin, edo kontatu bai behintzat. 16:30. Jaitsi dira furgonetatik bi kazetari, eta Zuhatzu Kuartango atzean utzi, eta lau kazetarik abiatu dute Gasteizerako bidea autoan; Arana AEKn dute lanerako tokia. Batzuk, kronikak idazten; besteak, bideoak editatzen.

«Prentsa taldea ezinbestekoa da, batez ere, garai hauetan; AEK-ko eta Korrikako kideak oso-oso eskertuta gaude»

AMAIA GARTZIA Prentsa taldearen arduraduna

Eta atzetik zarata entzuten da, nola ari diren bitartean Gasteizeko Korrika antolatzen. Ekarri hau eta deitu hari. Elkarlana baita hau, eta batzuek aurrez egindako lan eskergari eskerrak kontatu dezakete pribilegiatu gutxi batzuek Korrika.

Kazetariak lanean ari diren bitartean igaro da Korrika Subillanatik eta Langraizetik, eta Trebiñurako bidea hartu. Arabakoak direla aldarrikatu dute berriro ere, eta handik, hiriburura abiatu, Gasteizera. Bertan hartuko dute lekukoa, besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Emakundek, euskal gehiengo sindikalak, Eusko Legebiltzarrak... Eta lekuko hartze berezi bat ere izango da, Palestinaren omenez: Palestina Gara.

Kronika hau idazterakoan, bidean dira oraindik, eta beraz, gaurko lana ez da amaituko kronika honetako azken puntua jarritakoan. Dagoeneko beste taldekide batzuek bidali dute Telegramera kokapen bat: «Segur aski hemen batuko gara, 21:29an». Zer eta nola afaldu antolatzen ere ari dira. Gau luzea dute oraindik aurretik. Baina Korrikak merezi du, eta mereziko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!