Puntadaka ehuntzen da sarea

Hemen da 24. Korrika. Horretarako, ezinbestekoa da Korrikaren eskualde eta lurralde arduradunen lana, ezkutukoa, exijentea, baina zeharo «gustagarria».

Gipuzkoako Korrika Batzordea bilduta, otsailean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako Korrika Batzordea bilduta, otsailean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Hernani - Errenteria
2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Korrikaren kartela egingo du batek; Korrika kulturaleko ekintza baterako artistarekin hitz egiteaz arduratuko da bestea... Eta baimenak eskatu, Korrika batzordea koordinatu, udalarekin hitz egin, Korrika txikia antolatu, lurrean lekuko hartzeak margotu, arropa saldu, lekukoa hartzea eskuratu nahi dutenen mezu elektronikoak erantzun... Atzeko lan handia du Korrikak. Sarri ikusezina, aitortza gutxikoa, baina beti ezinbestekoa. Puntadaka-puntadaka ehuntzen baita lekukoa heltzen eta goratzen duen sarea.

Horretarako, funtsezkoa da antolakuntza, eta ehunka boluntario eta AEK-ko kideren engaiamendua. Horietako bi dira Amaia Arruti eta Garazi Redondo Etxeberria: Gipuzkoako Korrika arduraduna da Arruti, eta Hernanikoa Redondo (Gipuzkoa). 

Biak Gipuzkoako Korrika Batzordean biltzen dira, lurraldeko gainerako eskualdeetako arduradunekin batera. Batzordea urrian elkartu zen lehenengoz, eta, harrezkero, askotariko lanak egin dituzte, Arrutik azaldu duenez: lekuko hartzeak koordinatu, hutsuneak bete, ideiak partekatu, lanak elkarbanatu... Eta jakin-min handiena sortzen duena: ibilbidea. «Aurreko ikasturtetik ibilbidea erdi eginda hasi ginen urrian, baina aritu gara oraindik ere bueltak ematen».

Eta, aldi berean, herrietan Korrika antolatzen jardun dira. Redondok azaldu duenez, ikasturtea abiatu orduko hasi ohi dira gaurko egunerako prestatzen: «Ikasturte hasieran, mugitzen hasten gara: aurreko urteetako eragileen zerrendak errepasatu, eguneraketak egin... Korrika azaroan hasten da, eta hor ja jendea galdezka hasten da». Eta urtarriletik aurrera, gelditu ere egin gabe: «Eskolak berdin-berdin eman behar dituzu, goizetan eta arratsaldeetan. Eta tarteetan-eta deiak egin, mezu elektronikoak erantzun, gauzak eguneratu, Korrika batzordeak egin...». Herrietako batzordeetan lan eskerga izaten dute: «Hainbat eragile eta norbanako etortzen dira, eta, horiekin batera, herri bakoitzean egitarau bat osatzen dugu».

Arrutik nazio mailan ere lan egiten du: Nazio Batzordean hamabostean behin elkartzen dira herrialde guztietako ordezkariak, Korrikaren lehen eta bigarren arduradunak eta AEK-ko beste zenbait sailetako kideak: «Hor makro ikuspegia daukagu. Gipuzkoa mailan egiten den bezala, Euskal Herri mailan ere herrialdeak koordinatzen dira».

Elkarlanaren emaitza

Ardura dute, ardura handia, baina biak ala biak gustura daude hartu duten lantegiarekin. Arruti: «Gipuzkoako batzordean, laguntza handia izan dut; talde kohesio oso polita daukagu, eta, lanerako, eskertzen da talde hain motibatua eta lanerako hain prest dagoena edukitzea. Esperientzia oso polita izaten ari da». Elkarlana nabarmendu du Redondok ere: «Lana ez dugu guk bakarrik egiten: herritarrekin egiten dugu, baita gure lankideekin ere».

«Gipuzkoako batzordean, laguntza handia izan dut; talde kohesio oso polita daukagu»

AMAIA ARRUTI Gipuzkoako Korrika arduraduna

Hain zuzen, herritarren erantzun ona izan dute biek ahotan. Euskal Herria «aktibatuta» ikusten du Arrutik: «Lekuko hartzeen eskaera oso handia izan da, esajeratua, inoizko handiena. Nabaritzen da lehen inplikatzen ez ziren eragile asko gerturatu direla Korrikara, eta zenbait eragilek Korrika kulturalerako proposamenak ere egin dizkigute». Halatsu Redondok ere: «Jendea oraindik ere asko pizten da Korrikarekin; dirudienez, apaltzen ez den zerbait da».

Gaur martxoak 19. Gaur hasiko da Korrika Atharratzen (Zuberoa). Lan handia izan dute orain arte, exijentea bezain gustagarria. Baina Arrutiren eta Redondoren eginbeharrak ez dira amaitu oraindik. Hilaren 23an, astelehenean, sartuko da Korrika lehenengoz Gipuzkoara. Arrutik ibilbidearen gainean egon beharko du, furgonetari bidea erakusten joaten den autoko txandak koordinatu eta egin, arazoei erantzun...: «Ez dugu ordutegirik izango». Eta berehala iritsiko da Hernanira, astearte goizaldean. Autoan joango da Redondo, horixe du unerik kuttunena: «Autoa poliki joaten da furgonetaren aurretik, eta hor jende guztia oihuka aritzen da, pozik, zu ere poz-pozik, mundu guztia hunkituta... Hori oso polita da, oso hunkigarria; jendeak beti ondo erantzuten du, eta egun horretan emaitza ikusi egiten da».

«Lana ez dugu guk bakarrik egiten: herritarrekin egiten dugu, baita gure lankideekin ere»

GARAZI REDONDO ETXEBERRIA Hernaniko Korrika arduraduna

Eta nolakoa izango da 24. Korrika? Arruti: «Espero dut ahalik eta jendetsuena izatea, beti bezain polita, jendea ilusioz ikustea, lehen Korrikara eta euskarara gerturatzen ez zirenak gerturatzea, eta baliagarria izatea, Korrika amaituta ere, euskararen aldeko aldarriak gu guztion ahotan jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA