Esna amesteko prest

Gaur abiatuko da 24. Korrika, Atharratzetik, eta BERRIAk zuzenean emango du haren berri. Ehunka boluntario lanean aritu dira aurretik; besteak beste, furgonetak muntatzen.

Korrikaren furgoneta barrutik prestatzen, 24. Korrika iristerako. ANDONI CANELLADA / FOKU
Korrikaren furgoneta barrutik prestatzen, 24. Korrika iristerako. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Oiartzun
2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar gauez eta 11 egunez Euskal Herri ideal bat, ametsetakoa: jendetza euskaraz, pozik. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Horixe irudikatzen du Korrikak, horixe marrazten. Eta balio du herritarra esnatzeko, klika egin eta hitzekin eta ekintzekin, harro, euskara d(ir)ela eta izango d(ir)ela aldarrikatzeko.

Gaurtik aurrera, 24. aldiz. Izan ere, AEK-k antolatuta, gaur hasiko da 24. Korrika, Atharratzen (Zuberoa), eta 2.180 kilometro eta 3.436 lekuko hartze ingururen ostean, Bilbora ailegatuko da, hilaren 29an. Bitartean, BERRIAk zuzeneko kontakizuna egingo du, eta egunero-egunero argitaratuko ditu kronikak, idatziz eta bideoz. Gainera, Korrika non dagoen denbora guztian ikusteko aukera egongo da webgunean, zuzeneko emankizunaren seinalearen bidez.

Egunkariko kronika hau irakurtzerakoan, ordu gutxi faltako dira Korrikako furgonetak arrankatzeko, edo baliteke jada ehunka zoro zoragarri furgoneten atzetik ibiltzea. Baina, horretarako, aurretik, boluntarioek lan egin behar izaten dute; besteak beste, furgonetak prestatzeko.

Korrikako furgonetan LED argiak jartzen, 24. Korrika iristerako. ANDONI CANELLADA / FOKU
Korrikako furgonetan LED argiak jartzen, 24. Korrika iristerako. ANDONI CANELLADA / FOKU

Otsailaren 20a da Oiartzunen (Gipuzkoa). Dozena bat pertsona Korrikaren furgonetak atontzen ari dira: kableak lotu, musika ekipoaren probak egin... Ia dena eginda dago dagoeneko: bozgorailuak jarrita, furgonetetako altzariak ere prest... EITBko eta Hamaika Telebistako lau bat langile ere bertan dira; zuzeneko emankizunerako kamerak-eta jartzeko eguna da.

Furgonetak kanpotik daraman Euskara gara leloan LED argiak itsasten ari da Kontxi Erro Jauregi, tentu handiz. Inguruan du Mikel Urkia Gogorza Matu ere. Korrika hasteko hilabete eskas falta da, eta dena pronto uzten ari dira.

Biek ala biek urteak daramatzate lantegi horretan. «Joan den mendean hasi ginen, istripuz», esan du Urkiak. Korrikara furgoneta gidari joan nahi zuen, eta zortzigarren Korrikan sartu zen mundu horretan: «AEK-ko irakaslea nintzen, eta baimena eskatu nuen Korrikara etortzeko; ilusio hori neukan. Baietz esan zidaten. Nik eskolak eman behar nituen egun horietan, baina euskaltegikoek eman zituzten nire ordez, eta ni Korrikara etorri nintzen. Handik aurrera, urtero». 

Gerora izan zuen aukera Errok: «Nire bizitzako ametsa zen Korrika batean furgonetan ibiltzea». Lagun baten bidez lortu zuen Urkia ezagutzea, eta hark zera esan: «Matuk baldintza bat jarri zidan: ‘Korrikan parte hartu nahi baduzu, furgonetak prestatzera etorri behar duzu'». Halaxe egin zuen. 

«Nire bizitzako ametsa zen Korrika batean furgonetan ibiltzea»

KONTXI ERRO JAUREGI Furgoneta prestatzailea

Garaietara egokitzen

Harrezkero, garaietara egokitzen ari da Korrika, aldian-aldian aldaketak egiten, baita furgonetak ere. Urkia: «Korrika barrutik ezagutu behar da, egokitzapenak egiteko. Bueltak eman behar zaizkio, eta gauzak urtetik urtera hobetu». Dekorazioari dagokionez: garai batean, «panel bat» jartzen zioten kanpotik; gero, «biniloak», eta Urepelen (Nafarroa Beherea) abiatu zen Korrikan ipini zituzten lehenengoz LED argiak: «Izugarrizko arrakasta eduki zuen, eta handik aurrera, LEDak ezinbestekoak izan dira». Baita funtzionamendua hobetzeari begira ere: «Komunaren beharra ikusi zen». Atzeko furgonetan jarri zuten. 

Izan ere, ikusgarriena lehen furgoneta izaten da, baina korrikalarien tropela igarota, beste furgoneta bat doa atzetik, ezinbestekoa hura ere: erosketak egiteko, korrikalariak atzetik babesteko... Eta arazoren bat balego, Korrika ez gelditzeko, Errok azaldu duenez: «Bi furgoneta berdin prestatzen dira, estetikoki eta barrenetik behinik behin ahalik eta berdinenak, funtzionatu ahal dezaten, furgoneta inoiz ez gelditzeko».

Orduak pasatzen dituzte lanean. Edizioaren arabera, gehiago edo gutxiago. Aurten, esaterako, otsailaren hasieran jaso zituzten furgonetak, Urkiak azaldu duenez, eta asteburuetan aritu dira horiek puntu-puntuan ipintzen. Furgonetari begiratu dio: «Hauek ia eginda daude. Aurten, asteburuetan egin dugu; aurreko Korrikan, egunero egiten genuen, arratsaldeetan; aurrekoan, hamabost egun baino gehiagoan goizez eta arratsaldez. Denboraren arabera egiten ditugu berrikuntzak».

«Aurten, asteburuetan lan egin dugu; aurreko Korrikan, egunero. Denboraren arabera egiten ditugu berrikuntzak»

MIKEL URKIA GOGORZA Furgoneta prestatzailea

Lan horren emaitza jada ikusgai dago. Baina behin Korrika hasita ere, badaezpada, ez dira urruti ibiliko. Urkiak azaldu du autokarabana batean joaten direla atzetik: «Lehen, furgoneta taldean joaten ginen, baina gaixotu egin nintzen. Orduan, sistema bat asmatu genuen Korrikara joateko: autokarabana bat jarri genuen, guk besteen mantentzea egiteko».  

Haien lana ezinbestekoa da, baina furgonetak ikusteak bainoago, Korrikak berak eragiten duenak ematen die poza. Erro: «Jendearengan sortzen duen emozioa, ilusioa, edozein adinetakoak edozein ordutan korrika ikustea... Honek sortzen du herriaren indarra; gero, indar hori hizkuntzaren erabileran gauzatu behar da». Ezin konta ahala bizipen bildu dituzte urteetan, baina zer izan da politena? Urkiak argi du: «Hurrengo Korrika. Ni ja hurrengoan ari naiz pentsatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA