* Gipuzkoa ekialdetik eta Nafarroako Bortzirietatik eta Baztandik igaro da goizean, eta Lapurdin sartu da Saratik. Baionara 21:44an helduko da, eta Santiagoko zubia 4:57an gurutzatuko dute.
Eguna iruditan
22:45, Angelun dago orain
Baiona atzean utzi, eta Angelun sartu da 24. Korrika. Hiriburua igaro arren, jendeak korrika jarraitzen du. Bengalek eta su artifizialek korridorea egin die korrikalariei Angelura sartzerakoan.
Ondoren, Miarritzera joango da, eta bertan egingo ditu 1.500 kilometro 24. Korrikak. Goizaldean, Lapurdiko kostaldeko herriak eta Santiago zubia zeharkatuko ditu, goizean Donostiara heltzeko.
22:25, San Leon, Baiona
24. Korrikak igaro du Baionaren erdialdea, baina baionatarrek korrika jarraitzen dute euskararengatik. Karriketako farolek argiztatzen dituzte karrika zabalak, eta argiztatuta dagoen eremu guztia jendez beteta dago.
Lekukoa esku batetik bestera doa: Oihana Ikastolak eta Luma haurtzaindegiak lehenengo, Lau Haizetara eta Bascos (Txalaparta) elkarteek ondoren... Ikastetxeek ere badute aurrean joateko gogoa: Largente kolegioak, Marracq eskolak, Hiriondo ikastolak... Barre algarak entzuten dira ikasleek lekukoa hartzen dutenean edo bengala bat pizten dutenean. Xabier Zabalaren Zirkorrika jarri dutenean ozen abestu dute aurrean doazen euskaltzaleek.
Lekukoa hartzean, ikasle bat erori egin da eta korrikalari guztiak geratu egin dira bortizki. Baina neskak aurrera jarraitu du eta gogoz altxa du lekukoa. Gozatu du egin duen kilometroa.
22:07, Baiona Handia
Ingeniari zubia pasa eta Baiona Handira heldu dira. Oraingoan, Errobiko joaldunek hartu dute lekukoa. Dozena bat joaldun inguruk gizon bat, emakume bat eta neska bat inguratu dituzte, neskak lekukoa zeramanean. Musika kendu dute, eta atzean zihoazen ehunka euskaltzalek joaldunen zintzarrien soinua entzun dute. Gero, Eusko Ikaskuntzako langileak joan dira aurrean.
Errobiko joaldunak eta Eusko Ikaskuntzak zenbat ikaskuntza utzi dizkiguten nork bere eremutik! #24KORRIKA #Baiona pic.twitter.com/tOrnflKDxk
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Ondoren, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez berriak eraman du lekukoa Baionako Herriko Etxearen izenean. Igandean herriko bozak irabazi zituen, berriz ere Lapurdiko hiriburuko auzapeza izateko. «Euskara plan ofizial eta integral bat nahi dugu Baionan», esan diote Etxegarairi.
Baionako herriko etxearen eskuetan orain lekukoa; Jean Rene Etxegaraik hartu du. @berria pic.twitter.com/ufPwbQ5j7K
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 24, 2026
21:58, Baiona Ttipia
Berriro zeharkatu dute Aturri ibaia, Espiritu Sainduko zubitik, eta Baiona Ttipira heldu dira. Zubia jendez bete da, eta ez da ikusten jendetza non bukatzen den. On Piztu eta Plazara hedabideko langileek zeramaten lekukoa Lapurdiko hiriburuko erdialdera iritsi direnean, eta errepide zabaletatik kale estuetara pasatu dira korrikalariak.
Ondoren, politikarien txanda izan da. Departamendu Kontseiluko eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek lekukoa zeramatenean, AEK-ko langileek hainbat aldarrikapen egin dituzte furgonetatik: «Finantzaketa behar dugu euskararentzat, euskarazko herri bat amesten dugulako», «euskara hizkuntza ofiziala», «euskarari trufarik ez».
21:45, Santizpirita, Baiona
Igotzen den guztia jaitsi egiten da, eta aldapan behera doaz orain Baiona euskalduna nahi duten herritarrak. Biltxoko euskara elkarteak, Estitxu Robles Kolegioak, sindikatuek —LAB, FSU 64, STEILAS, CGT, Etxalde eta Solidaires—, Bizi! elkarteak, Etorkinekin Diakite elkarteak, denek joan nahi dute aurrean. «Hizkuntza eskubideak ere lan eskubideak da», diote furgonetatik; baita euskara «mugarik gabeko hizkuntza» dela ere.
Euskara eta #Baiona harrera herria izatea nahi dugu! Santa Izpiritun gabiltza orain, euskara delako guztiontzat zabalgunea! #24KORRIKA pic.twitter.com/FZUDs9foSf
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Noizean behin galdera bera egiten dute furgonetatik: «Non daude AEK.ko ikasleak?». Beti badago norbait.
21:30, Gurutze Saindua, Baiona
Maldan gora doaz Baionako eta beste hainbat lekutako euskaltzaleak, Gurutze Saindua auzoan, baina gustuko tokian ez dago aldaparik. «Euskara eskuetan hartzeko» aukera izan dute Aldako Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek. Bengalek argitu dute iluntasuna, eta jende gehiago biltzen doa lasterketan.
Ikusgarriak dira irudiak Baionak, eta 24. Korrika ez da Baiona erdialdera iritsi oraindik. Lehen Garapen Kontseilukoak eta IKER CNRSko ikerlariak joan dira aurrean, orain Bizia elkarteko eta Etxepare Lizeoko lagunak... «Azterketak euskaraz» egiteko eskubidea aldarrikatu dute.
20:55, Baionara sartu da ekialdetik
24. Korrika Baionara heldu da, eta ekialdetik sartu da, Ametza Ikastolako ikasleek lekukoa zeramatenean. Baionara sartu berri da Korrika, baina jada jende ugari dabil korrika.
Eskuz esku joango da lekukoa: Orai bat Baiona, Euskaraz Bizi Hiriburu, Uhaina elkartea, Leinua taldea...
Alderdi politikoek ere batera hartu dute mezua: EH Bai, EH Bildu, EAJ, Regards Socialistes en PB eta Les Ecologistes Pays Basque alderdietako ordezkariak doaz aurrean. «Hizkuntza politika ausartak» eskatu dizkiete furgonetatik, eta hizkuntza politika horiek «babestu» egin behar direla.
Euskararen uholdeak hartu du Baionako sarrera!
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Hizkuntza politika sendoak behar ditugu euskara ofiziala izan dadin! #EUSKARAGARA pic.twitter.com/IQUiGcHUsw
San Frederikoko zubia gurutzatu dute hedabideen kilometroan —EITBko, TVPIko, France 3 Euskal Herriko eta Ici Euskal Herriko langileak—. «Euskarazko hedabideak funtsezkoak dira hizkuntzak bizirauteko», oroitu du mikrofonoz hitz egiten ari den lagunak. Ostatu batzuetako kideak ere joan dira aurrean, Kalastropekoak eta Epaiskakoak besteak beste, eta «ostatu euskaldunak» aldarrikatu dituzte. Harrera Elkartekoak, kultur elkarteak, kirol taldeak, eta abar ere joan dira aurrean.
Oreka zirko eskola eta Auñamendi eskalada taldea gure hizkuntzaren malabarista bilakatu zaizkigu #24KORRIKA n #Baiona pic.twitter.com/9UrsiwAKvU
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
20:00, lehen aldiz Lehuntzen
«Korrika lehenbiziko aldiz Lehuntzen, historikoa da, gozatu!», adierazi dute furgonetatik. Lehenengo aldia da, eta herritarrak euskararen alde korri egiteko gogoz sartu dira 24. Korrikara.
Lehuntzeko Herriko Etxeko ordezkariek hartu dute lekukoa, eta haiez gain, Urketako eta Bardozeko herriko etxeetako ordezkariek ere eraman dute pasa den ostegunean Atharratzetik irten zen mezua. Irrintzi txapelketa egin dute Baionarako bidean, Mediabask hedabideko langileek lekukoa hartu aurretik. Furgonetan doan lagunak irabazi duela dirudi.
19:45, Mugerre
Eguzkia joan da, baina korri egiteko gogoak ez. 24. Korrikak Baionarantz darrai, eta Mugerretik igaro da. Herri gehienetan bezala, Mugerreko Herriko Etxeko ordezkariek hartu dute lekukoa, baita Aturri kolegiokoek.
Beskoitzetik ere etorri dira korrikalariak Mugerrera. Lekukoa ere eraman dute beskoiztarrek, Beskoitzeko Herriko Etxeko ordezkariek eta Beskoitzeko ikastolako ikasleek. Lehuntzetik igaroko da orain.
19:00, Milafranga
Milafrangako Herriko Etxearen kilometroan, dozena bat ikasle lekukoa txandakatzen egon dira. AEKren furgonetatik grabatutako irudia ederra da: beheran, herritarrak korrika ikusten dira; goian, berriz, ilunabarra. «Herriko etxeak euskaraz», aldarrikatu dute. Bertsolarien Lagunen ikasleak ere hartu dute lekukoa, baina ez dira ausartu bertso bat abesten.
Lehuntzerako bidean, Gure Irratiko langileek hartu dute lekukoa, eta korrikalariek txalo egin diete, «egunero egiten duten lan guztiagatik».
18:20, lagunekin batera Uztaritzen
Uztaritzera iristean, Piero Rouget auzapez berriak eraman du lekukoa Uztaritzeko Herriko Etxearen izenean, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearekin batera. Eguraldia lagun da, eta Uztaritzen ere harrera ederra egin diote herritarrek 24. Korrikari.
Uztaritzen ozen eta argi adierazi dute: “LAPURDIN EUSKARAZ”
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Txiki geratu dira Uztaritzeko kaleak eta maitasunez hartu dute #24KORRIKA pic.twitter.com/G4dIgPQjx9
Ikastetxeek ere beren momentua izan dute: Uztaritzeko Ikastolako, Jon Andoni Bixintxo eskola, San Frantses Xabier Kolegioko, San Josepe Lizeoko eta Urraska haurtzaindegiko ikasle eta irakasleak joan dira lasterketaren aitzinean. Lekukoa eramaten hurrengoak Hitzopen gaztetxea, Erriboko Kaskarotak, EKE Euskal Kultur Erakundea, Ici Pays Basque irrati katea eta Uztaritzeko suhiltzaileak izan dira.
17:55, aldapan gora Larresoron
«Hemen gaude euskararen alde» oihu eginez igo dute Larresoroko aldapa korrikalariek. Ez dira nekatu, izan ere, abiadura jaisteko eskatu die furgonetatik: «Presaka zoazte, gaur Bilbora joateko gogoa daukazue?».
Inguruko herrietako jendea etorri da Larresorora. Kanbotik heldutako jende olatuaz gain, Jatsuko eta Haltsuko herriko etxeetako lagunek altxa dute lekukoa. Larresoroko Herriko Etxea izan da hurrengoa, baita Larresoroko Besta Komitea, Otelore, Latsa eta Zortziko elkartea.
17:25, Kanbon erraldoiek lekukoa eraman dezakete
Kanbora iristean Dzi-Dzau presoen aldeko komiteak eta Nahi Dugun Herria Kanboko oposozioko kideek hartu dute lekukoa. Baina ondoren iritsi da irudi ikusgarriena: Sukita Kanboko ziganteen elkarteko erraldoi batek hartu du lekukoa bere esku erraldoietan. Erraldoia zeraman pertsona, gainera, ez da makal joan korrika, eta haren atzetik joan dira ehunka herritar. Gero, Emaitza gaztetxeko eta Kanboko Pesta Komiteko lagunak joan dira aurrean.
Toujours à Cambo, c'est un des géants de Sukila qui a entamé le 1432e kilomètre. pic.twitter.com/CLZphSW6Ym
— Mediabask info (@MediabaskInfo) March 24, 2026
Kanboko herritar guztiak korri egitera atera direla dirudi. Jendez gainezka bete da herria, eta Larresorora bidean jarraitzen dute. Izugarria da kanbotarrek Korrikari eman dioten erantzuna.
Olatu eta mugimendu honek luze bizi iraun dezala #Kanbo ! #24KORRIKA pic.twitter.com/pxOSfJyY9C
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Ikastetxeen txanda izan da ondoren: Seaskak hartu du lekukoa, eta gero Xalbador kolegioko, Errobi ikastolako, Apel Sainte Marie eskolako eta Kanboko ikasleek. Beste hainbat elkarte joan dira aurrean: Kanboko Herriko Etxea, Euskal Haziak, Larratsia Kanbo, Kanbo Elkartea, Jeikadi dantza taldea.
17:00, Itsasun, puntual
Arratsaldeko bostetan heldu behar zuen Korrikak Itsasura, eta aurreikusitako orduan iritsi da. Ohikoa den bezala, herriko zenbait eragilek, elkartek edota kirol taldek hartu dute lekukoa. AEKren pankartaz gain, Goxoki gaztetxekoek «Atzo, gaur eta bihar, gaztetxeak faxismoaren aurka» leloa duen pankarta daramate.
#Itsasu AEK eta euskararen aldeko itsaso bilakatu dugu gaur! Begira nola! #24KORRIKA pic.twitter.com/BRDDF9ataX
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Arrokagarai ikastolako ikasleek hartu dute lekukoa, eta furgonetatik urruntzeko eskatu die; furgonetaren ondoan joanda, ez direlako agertuko zuzeneko bideoan. Abestiak euskaraz jartzeaz gain, katalanez ere jarri dituzte. Ez dituzte jarri, ordea, abesti txarrik
16:25, Ezpeletan, ikurrinak nagusi
Ezpeletako herritarrek hainbat ikurrinekin eman diote ongietorria 24. Korrikari. Herriko eragile batzuk eraman dute lekukoa: Ezpeleta Dantzako, Ezpeletako Herriko Etxeko, Ezpeletako Besta Komiteko eta Ziripot gaztetxeko kideek. Virginie Arhancet auzapez berriak hartu du lekukoa.
Errepideak estuak diren arren, lortu dute lekua egitea kamioi bati pasatzen uzteko. Klaxona jotzen eskertu die kamioilariak.
Ezpeletan da KORRIKA! Zuen oihuak Bilboraino iritsiko dira martxa honetan! pic.twitter.com/2mjiRWI3ZU
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
Lekukoa eta haur bat gurdian eraman daitezkeela erakutsi digu eramaile batek. Azkarregi ez joateko ere eskatu dute furgonetatik: «Ez gara presatuak, antzina dugu; beraz, lasai hartu».
16:10, Zuraidetik barrena
Lapurdin bigarren aldiz sartu denetik, Sara eta Senpere zeharkatu ditu 24. Korrikak, eta Zuraiden da orain. Harrera ederra egin die lapurtarrek Korrikari.
Seaskako ikastetxetako ikasleek hartu dute lekukoa; besteak beste, Senpereko Kattalin Elezalde ikastetxekoak.
Zuek zarete gure gurpila! Segi dezagun Euskal Herria euskalduntzeko biraka! #24KORRIKA #Zuraide pic.twitter.com/mXEiWl7JaS
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 24, 2026
13:50, Lapurdin berriz.
Saratik sartu da berriz Korrika Lapurdin.

13:50, Zugarramurdi: erre ezin izan zenituzten euskaldunen alabak gara
Zugarramurdira heldu da Korrika, 1396. kilometroan. Gogoratu dituzte sorginak.

13:25, lauzpabost haur dituzula? Arazorik ez, Urdazubin
Ama batek lauzpabost bat haurtxo hartu ditu eta gurditxo batean sartu ditu Korrikan parte-hartu ahal izateko.

11:49, Axularren herrirantz
Elbetetik Urdazubirako bidean da une honetan Korrika. Han jaio zen Pedro Agerre Azpilkueta Axular idazle klasikoa, 1556. urtean. Zalantza zen Korrikako lekukoa eramango ote zuen gaur, adinari loturiko arazoengatik, baina baieztatu dute Korrikan aritzerakoan, «gero» arituko dela.

10:53, errepide txikien xarma
Irudi bereziki politak ematen ditu Korrikak belardi arteko errepide txikietan doanean. Horren lekuko Iruritako azken metro hauek. Horrez gain, «une historikoa» iragarri dute, lehen aldia baita Korrika Gartzainera heltzen dela.

10:37, Baztango bazterrak
Arraioz auzoan dabil orain Korrika, lekukoa hango gazteen esku doala.

Gaurko ibilbidea
Egun on, Korrika Herria! Hona hemen Korrika zer herritatik pasatuko den gaur.
Ordu txikitan ere, Korrika
Irundik 04:00 aldera pasatu da Korrika, eta badirudi asteartean askotxo gaupasa eginda joango direla lanera edo ikastera.
04:40 dira, eta, halere, ehunka lagun atera dira Korrikara Irunen. @berria pic.twitter.com/TwSMyOrCI2
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 24, 2026
Omenaldia Gorriti lekukogileari
Juan Gorriti eskultoreari omenaldi bero eta hunkigarria egin diote 24. Korrikan. Ainara Rodil berriemaile bereziak bertatik bertara bizi izan du.