25. aldiz eginen dute Miarritzeko harrotasun martxa, berdintasunak ez dezan «beste 25 urte itxaron»

Ekainaren 21ean iraganen da martxa, larunbatez; egun osoko programazioa prestatu dute. Les Bascos elkartea da ekimenaren bultzatzailea, eta salatu du «oraino ere giro goxo eta babeslerik ez dela LGTBI komunitatearendako».

Franck-Yves Guilbert Les Bascos elkarteko kidea, harrotasunen martxa aurkezten, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Franck-Yves Guilbert Les Bascos elkarteko kidea, harrotasunen martxa aurkezten, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko ekainaren 10a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«25 urte dira berdintasunaren aldarrikapena berritzen dugula harrotasun martxaren karietara». 25. aldiz, beraz, Miarritzeko (Lapurdi) karrikak hartuko ditu LGTBI komunitatearen aldarriak, ekainaren 21ean. Erran dutenez, «berdintasunak ez du beste 25 urte itxaroterik osoki betetzeko».

Miarritzeko harrotasun martxak mende laurdena bete duela ospatuko du aurten, eta ospakizunaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute goizean, Baionan, Les Bascos elkarteko kideek. Haiek antolatu dute martxa 25 urteotan. Orain, zenbait urte pasa ondoren, galdetu dute: «Zertan gara? Errespetuzko, borondate oneko, enpatiazko giro batean?». Galdera erretorikoa besterik ez zen, argi baitute giroa ez dela halakoa.

Hainbat adibide aipatu dituzte gaur egungo egoera azaltzeko: «69 herrialdetan homosexualitatea oraino penalizatua da; egunero, Frantzian, jendeak erasoak jasaten ditu elkarri eskua emanik ibiltzen direlako edo elkar musukatzen dutelako...»; eta, zehazkiago, datu batzuk gogorarazi dituzte, hala nola SOS Homofobiak salatu dituen 1.690 erasoak.

Prebentzioa eta ekintza

«Ezin gara ezer egin gabe egon», erran du Franck-Yves Guilbertek, Les Bascos elkarteko kideak. «Sexu heziketarako saioak oraino ere zalantzan jartzen dituzten honetan, bada garaia ohartzeko jakitea ulertzea dela, eta ulermen horrek LGTBIfobiaren desagerpena ekarri beharko du».

Horregatik, prebentzioaren beharra aldarrikatu dute, eta harrotasun martxak, hain zuzen, horretarako balio lezake. Martxa 16:00etan abiatuko da Miarritzen, baina, horren aitzin, 11:00etatik goiti, hainbat ekimen eta tailer proposatuko dituzte: besteren artean, pankartak egiteko eta makillatzeko tailerretan parte hartzen ahalko da, edo drag txapelketa ikusi. Gero martxa abiatuko da Miarritzeko karriketan zehar. Gaualdia ere antolatua dute: DJak eta kontzertuak izango dira 18:00etatik 01:00etara.

Martxaren inguruko programazioaz beste, harrotasun hilabetea ere plantan eman dute, emeki-emeki martxaren egunera heltzeko, eta, ondotik ere, 25. urteurrenaren ospakizuna ongi burutzeko. Maiatzaren 17an hasi ziren ekimenak, baina ekainaren 29a arte luzatuko dira. Adibidez, etzi, Baionako «Erresistentziako emazteen plaza» estreinatuko dute; biharamunean, Mon amie, la transidentité et moi [Ene laguna, transidentitatea eta ni] dokumentala proiektatuko dute Hazparneko mediatekan (Lapurdi); eta ekainaren 29an, igandez, zenbait kontzertu emanda hetsiko dute harrotasun hilabetea, Suhuskunen (Nafarroa Beherea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.