25 urte bete dira Ertzaintza Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hiletan oldartu zela

GALek bahitu, torturatu eta hildako gazteen gorpuzkiak senideen nahia aintzat bete gabe lurperatu zituzten.

Joxi Zabalaren anaia lurrean, 1995ko ekainaren 21ean, Tolosako hilerrian. ANDER GILLENEA / EUSKALDUNON EGUNKARIA
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 21a
17:40
Entzun

«Kolpe artean lurperatu dituzte Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak» izenburuarekin kontatu zuen Euskaldunon Egunkariak Hondarribian eta Tolosan (Gipuzkoa) zer gertatu zen 1995. urteko ekainaren 22ko zenbakian. Bezperako jazoeren kronika egin zuen Jon Eskisabel kazetariak.

Hamabi urte lehenago bahitu eta hil zituen gazteak GAL talde parapolizialak. Egunotan gaurkotasunera itzuli da taldea, CIAren agiri batzuek iradoki ostean haiek sortzeko oniritzia Felipe Gonzalezek eman zuela, Espainiako orduko gobernuburuak (PSOE). BERRIAk webgune berezia eskaini zien GALen biktimei 2013. urtean.

Ertzaintzaren lehen oldarrak arratsaldean egin ziren, Hondarribiko aireportuan. Ehunka pertsona elkartu ziren aireportuan, gazteen gorpuzkiei ongietorria egiteko. Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak bildutakoen aurka jo zuten, eta zazpi pertsona zauritu zituzten, tartean Herri Batasuneko lau legebiltzarkide: Karmelo Landa, Jon Idigoras, Rafa Diez eta Sotero Etxandi.

Ertzaintzak berak eraman zituen gorpuak Tolosaraino, nahiz eta senideek eskatu euren esku uzteko, hilerrira eramateko.

Senideek eta lagunek hil kapera Tolosako udaletxean jarri nahi zuten, eta hurrengo egunean lurperatu. Baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epaileak agindu zuen gorpuak egunean bertan lurperatzeko, GALen biktimei omenaldia egitea galarazteko.

Ondorioz, senideak, kazetariak eta ertzainak baino ez ziren egon hilerrian. GALen biktimen senideek zerraldoak autoetatik ateratzeari ekin ziotenean, Ertzaintzak haien kontra jo zuen, eta Jesus Mari Lasa eta Mikel Zabala zauritu zituen, besteak beste. 

Agurtzeko otoitza egiteko kaperan bakarrik uzteko eskatu zuten senideek, baina Ertzaintzak ezetz esan zuen, eta sei ertzain sartu ziren ekitaldia zaintzera.

Jende askok gogoratu ditu gertaerak gaur, sare sozialetan, 25 urteurrenaren harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.