Isabel Velezen hilketa dela eta, haren semeari 25 urteko zigorra jartzeko eskatu du fiskaltzak. Hilketaren erruduntzat jo du, eta, buruko gaixotasun bat daukalako, zigorra erietxe psikiatriko batean betetzea galdegin du. Gaztea epaitzen atzo hasi ziren Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian, ateak itxita. 2010ean hil zuten Velez, Lasarte-Orian, kolpeka. Semeak hil zuen ustez, hainbat objekturekin eraso eginda. Aurrez izanak zituzten liskarrak.
Auzi saioak hasi aurretik bildu ziren herri epaimahaiko kideak atzo, eta epaiketa ateak itxita egitea erabaki zuten. Kasuaren «inguruabar bereziak» direla-eta erabaki zuten inor ezin izango dela aretora sartu. Ostegunean amaituko da epaiketa, ondo bidean, eta orduan hasiko du deliberazioa zinpekoen epaimahaiak; horrenbestez, astebururako hartuko du erabakia, okerrik ez dela.
2010eko otsailaren 19an hil zuten Isabel Velez. Semea atxilotu zuen Poliziak, hura zelakoan hiltzailea; ospitale psikiatriko batean zegoen, baina ihes egin zuen, baimen bat baliatuta. Liskarrak lehenago ere izanak bazituen senideekin, eta urruntzeko agindua ere jarri izan zioten. Goizaldera eraso zion ustez amari, etxeko lanabes batzuk erabiliz; jasotako kolpeen ondorioz hil zen andrea.
Hilketa delitua egotzi dio fiskalak, eta nabarmendu du amari «sufrimendu ahalik eta handiena» jasanarazten saiatu zela, kolpe ugari emanez. Frogatutzat jo du gazteak eskizofrenia duela eta ustez erasoa egin zuen garaian ez zela bere buruaren jabe; horregatik, 25 urteko zigorra ospitale psikiatriko batean pasatzeko eskatu du. Anaiarentzat 45.352 euroko kalte-ordaina galdegin du.
25 urteko zigor eskaria ustez ama hil zuen gazteari
Lasarte-Orian hil zuten Isabel Velez, eta semea ari dira epaitzen; erietxe psikiatriko batean sartzea nahi du fiskalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu