30 eragilek baino gehiagok bat egin dute EHEren abenduaren 6ko manifestazioarekin

Parte hartzeko eskatu diete herritarrei. Eragiteko eta egoera aldatzeko mobilizazioak beharrezkoak direla uste dute.

Gizarte eragileen gaurko agerraldia, Durangon. EHE
Gizarte eragileen gaurko agerraldia, Durangon. EHE
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 24a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek Durangoko (Bizkaia) kaleak bete nahi ditu abenduaren 6ko manifestazioan, Euskararen Errepublikaren alde. Gizarte eragileen babesa badu: 30 eragilek bat egin dute mobilizazioarekin. Tartean daude, besteak beste, AEK, Bilgune Feminista, ELA, Elkar fundazioa, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Euskal Konfederazioa, Gure Esku, IKA, Ikastolen Elkartea, LAB, UEMA... 

Eragile horietako batzuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Durangon bertan, herritarrei mobilizazioan parte hartzeko eskatzeko. Euskarari arreta berezia jarri behar zaiola uste dute. Egoeran eragiteko eta egoera aldatzeko mobilizazioak beharrezkoak direla. Ekarpena eskatu diete guztiei: herritarrei, eragileei eta «berebiziko erantzukizuna» duten arduradun politikoei eta instituzionalei.

Mugimendu indartsu baten beharra

«Zentzu askotan, garai ilunak bizi ditugu», esan dute. Euskararena «hizkuntza larrialdia» dela. Gogoan izan dute Espainiaren eta Frantziaren «egiturazko zapalkuntza». Baita jarrera erreakzionarioen eta atzerakoien «ugaltzea» ere, eskubide sozial oro auzitan jarriz. Horregatik, ohartarazi dute «berebiziko garrantzia» duela orain hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsu bat abian jartzeak.

Durangon bildutako eragileak Euskal Herri «aske eta justu» baten aldekoak dira, eta, haientzat, hizkuntza zapalkuntza gainditzea, «ezinbestekoa ez ezik, zentrala izango da». Euskararen aldeko «pizkunde berria harrotu» nahi dute, euskararen aldeko «olatu berria indartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.