Euskara Tratuak izeneko ekinbidearen berri eman du gaur Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak. Lan munduan euskararen presentzia handitzea da gaur egun euskararen biziberritze prozesuko erronka nagusienetako bat, eta arlo horretan eragiteko asmoz jarriko dute martxan egitasmoa, 30 enpresa baino gehiagotan. Guztira 2.000 langile inguru ari dira horietan. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinbidea da, batez ere euskarak tokia irabaz dezan.Â
Azaldu dutenez, borondatezko konpromisoen eta tratuen bidez bultzatuko dute dinamika. Lantokietan «euskarazko guneak» sortzea izango da helburuetako bat, eta baita dinamikan parte hartzen dutenen euskararekiko atxikimendua indartzea ere. Denbora tarte jakin batean garatuko dute ekinbidea: bihar hasi eta abenduaren 3ra bitartean jardungo dute; alegia, Euskararen Nazioarteko Egunean biribilduko dute. Hala ere, 21 egun horiek, ahal bada, «abiapuntu bat» izatea nahi dute, eta gero lanean segitzeko bideak ere irekita uztea.
Gaur egun euskarak dituen erronkak aipatzean, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nabarmentzen da usu; lan munduan ere agerikoa da sarritan desoreka hori, eta, hain justu, hortxe jarri nahi dute indarra Euskara Tratuak dinamikaren bidez. «Jakina da euskaraz jakiteak ez duela berez euskaraz egitea ekartzen. Usu, ezagutza eta erabilera ez datoz bat, eta euskara bazterrean geratu ohi da, baita lan arloan ere: lanean, lankideekin, bileretan, ohiko harremanetan... Euskara Tratuak dinamikaren erronka, hortaz, ezagutza erabilera bihurtzea da», azaldu dute dinamikaren berri emateko plazaratu duten oharrean.Â
Konpromisoen bidez
Euskaraz egiteko «konpromiso zehatzak» hartzera bultzatuko dituzte dinamikan parte hartuko duten langileak. «Tratuak borondatezkoak, neurrikoak, egingarriak eta babestuak izango dira», zehaztu dute. Eta euskara ezagutza apala dutenak ere ekinbidean murgildu ahal izango dira. «Egun on izeneko konpromisoa hartu, eta kideei erabilera errazteko eta eurak euskarara hurbiltzeko lehen urratsak egingo dituzte. Oinarrizko hitzak eta esamoldeak erabiltzen hasiko dira, eskuko hiztegi baten eta lankideen laguntzaz», esplikatu dute.Â
Aurrez tankerako ekinbideak bultzatu dituzte maiz Ahize-AEKko kideek, eta egiaztatuta daukate emankorrak direla. «Hainbat xede lortzen direla egiaztatu ahal izan dugu. Batetik, erabiliz ikastea; izan ere, lehenik ikasi eta gero erabiltzea da ohikoena. Tratuek erakutsi dute, ordea, erabiliz ere ikasten dela: erabilera apal eta seguruak konfiantza ematen du, eta konfiantzak ezagutza indartzen du, gehiago jakiteko gogoa pizteaz gain», azaldu dute. Era berean, euskararen aldeko atxikimendua sustatzeko ere baliagarria da jarduna: «Euskararen mundua ertzetik ezagutzen dutenengana heltzeko».
Komunitatea ehuntzea da dinamikaren beste helburu bat. Lantokietan «euskarazko guneak» sortuko dituzte horretarako: «Euskaraz egiten den tarte, toki, talde eta harremanak, 21 egunen ostean ere iraun dezaketenak». Lankidetzan egindako dinamika bat da: Eusko Jaurlaritzaren Lanhitz programaren laguntza du. Hauek dira, parte hartuko duten lantokietako batzuk: Biolan, Gizakia fundazioa, Cafes Baque, Oreka IT eta Lantegi Batuak fundazioa, besteak beste.Â
Â