Istripu batek orbandu du Noaingo (Nafarroa) jaien hasiera. Udaletxeko balkoitik jaurtitako hiru suziri kontrolik gabe lehertu dira, eta Foruen plazan zeuden dozenaka pertsona zauritu dituzte. Udaletxeko balkoian ere lehertu dira suziri batzuk. 12:00etan gertatu da ezbeharra.
Herriko jubilatuen klubeko lehendakari Margarita Francisco Vazquezek irakurri du festen hasierako pregoia udaletxeko balkoian, eta suziriaren metxa piztu. Lehen bi suziriek arazorik gabe egin dute eztanda, baina, txinparten ondorioz, aldamenean zeuden beste bolanderek su hartu dute, eta denak lehertu dira.
Luis Maia Segurtasun zinegotziak adierazi duenez, udaletxeko langile batek zeramatzan suziri guztiak, eta bultzada edo estropezu baten ondorioz piztu dira denak, eta balkoian bertan lehertu, hura beteta zegoela. Foruen plazara ere erori dira bolandera batzuk. Jaien hasiera ospatzeko zain zegoen jendea korrika hasi da, eztandek izututa. Guardia Zibila ikertzen ari da zer eta nola gertatu den.
Noaingo osasun etxean 47 lagun artatu dituzte erredurak direla eta. Zaurituen artean haur bat dago, eta Noaingo osasun zentroan bertan artatu dute. Horrez gain, hiru pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, erredura larriagoak baitzituzten —hiru gizonezko dira, bat 41 urtekoa, beste bat 53koa eta beste bat 54koa—. Tartean dago Diario de Noticias egunkariko argazkilari bat, hedabideak berak jakinarazi duenez. Erredurak ditu hanka batean. Beste zaurituetako bat Noaingo Udaleko langile bat da, suziriak eramateko ardura duena. Erredurak ditu esku batean. Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi du ospitaleratutako hiru zaurituetatik biri sendagiria eman dietela. Â
Larrialdi zerbitzuek koordinatuta, Cordovillako suhiltzaileak, foruzainak eta Guardia Zibila joan dira ezbeharra izan den tokira, eta udaletxean bertan artatu dituzte zaurituetako batzuk. Osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, arrisku larririk gabe daude zaurituak.
Noaingo Udalak eskerrak eman dizkie egoerari aurre egiten lagundu duten langile eta boluntario guztiei, eta jakinarazi du behin larrialdia igarota eta kontrolatuta herriko jaiek normal jarraituko dutela aurrera. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du espero duela azkar osatuko direla zauritutako guztiak.