Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatu dute lau sopelarrendako, joko areto baten kontrako ekinaldi batzuetan parte hartzea egotzita. «Poliziaren azpijoko baten aurrean gaude. Kontakizun faltsutu baten eta interes jakin batzuen gainean eraiki den operazio bat da hau», adierazi dute.Â
Sopelako 4ekin 1 plataforma sortu dute lau herritarrei elkartasuna adierazteko, eta taldearen izenean zabaldu dute oharra. Esplikatu dutenez, 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren Sopelan (Bizkaia), bi proiekturen kontrako herritar dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, herriko Udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean «gatazka nabarmena» zegoen, plataformak erran duenez. «Testuinguru horretan, herri mugimenduan modu aktiboan parte hartzen ari ziren zenbait herritarri jazartzeko asmoz, operazio honi hasiera eman zioten», diote oharrean. Â
Hain zuzen, «bi erpineko operazio bat» izan zela erran du taldeak: «Alde batetik, joko aretoaren jabea, zeinak herri dinamika hori amaitu nahi zuen. Bestetik, Sopelako Udaltzaingoa, zeinak testuinguru horretan, herri mugimenduan aktiboki lanean ari ziren zenbait gazte izutu nahi zituen». Azaldu dutenez, operazio horretan «frogak manipulatu eta adierazpen faltsuak» egin zituzten.
2021eko abuztuan, Sopelako EH Bilduk gertatutakoa salatu zuen: uztailaren 22an Espainiako Poliziak hiru gazte atxilotu zituela esplikatu zuen koalizio subiranistak, eta hirurei Arrigorri joko aretoan kalteak egin izana egozten zietela. Hain zuzen, alderdiak urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen, baina ez zuten bertze alderdien babesik izan, eta bertan behera gelditu zen.Â
Elkartasun kanpaina
Plataformak nabarmendu du «egoera oso larria» dela, eta zigor eskaera «zentzugabea» dela: «Auzi honen kostu penal eta ekonomikoak Sopelako lau lagun espetxera bidali eta haien bizitzak betiko baldintzatu ditzake». Hortaz, auzia sozializatzea eta elkartasuna ehuntzea helburu izanen duen dinamika bat jarriko dute martxan.
Sopelako, Uribe Kostako eta Euskal Herriko herritar oro elkartasunera deitu dute, eta ahal moduan ekarpenak egitera. Heldu den larunbatean, 13:00etan, Sopelako Udaletxe plazan batzar informatiboa eginen dute, auziaren xehetasunen eta datozen asteetan eginen dituzten ekinaldien berri emateko.