324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. JESUS DIGES/EFE
2020ko abuztuaren 11
12:00
Entzun

Maria Txibite Gobernuko presidentearekin eta Iruñeko alkateekin bildu ostean, azken orduetako datuak aurreratu ditu Santos Indurain Osasun kontseilariak prentsaurrekoan. Indurainek jakinarazi du 59 kasu atzeman dituztela Nafarroan. Atzoko kasuekin alderatuta, beherakada nabarmena izan da: 146 positibo izan ziren atzo. Kontseilariak adierazi du «berri hobeak» direla gaurkoak, baina ohartarazi du bilakaera gorabeheratsua izango dela, eta «zerra hortzak» egongo direla: «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa». 

Hego Euskal Herrian 324 kasu detektatu dituzte azken orduetan: atzo baino 175 gutxiago. Positiboen beherakada orokorra izan da, herrialde guztietan egin baitute behera. Nafarroako kasua da nabarmenena, baina gainerakoetan ere apalagoak izan dira datuak: Bizkaian, 180 kasuren berri eman dute, atzo baino 31 gutxiago; Araban, 44 kasu izan dira, 31 gutxiago; eta Gipuzkoan, 35, 29 gutxiago. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bizi diren sei pertsonak ere positibo eman dutela.

Positiboek behera egin badute ere, ospitaleratze kopurua handitzen ari da oraindik ere: 23 lagun sartu dira erietxeetan azken orduetan, horietako zortzi zaintza intentsiboetako unitateetan. Maiatzaren 14tik pertsona gehien ospitaleratu dituzten eguna izan da. Beste datu bat ere ekarri du egunak: pertsona bat hil da birusaren ondorioz Tuterako osasun eremuan. Indurainek azaldu du ospitaleratze kopurua handitzea kezkagarria dela beti, horrek adierazten baitu kasuak «larriagoak» direla, eta lotuta dagoela kutsatutakoen adinaren igoerarekin. Halaber, Nafarroako osasun sistemaren «fidagarritasuna» nabarmendu du kontseilariak. 

915 PCR datu aztertu ditu azken orduetan Basurtuko ospitaleko mikrobiologiako zerbitzuak, eta 81 positibo izan direla jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Galdakaoko Muguru tabernako agerraldiarekin lotuta sei positibo daude guztira, eta Gasteizko Xixilu tabernarekin lotuta 21. Bestalde, Lasarte-Orian iragan astean positibo eman zuten klausura komentu bateko zortzi mojak, eta atzo 81 test egin zituzten agerraldiarekin lotuta. Emaitza guztiak negatibo izan dira, baina Jaurlaritzak jakinarazi du hasieran negatibo eman zuen batek sintomak dituela eta positibo eman duela.

Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du bertan behera uztea Eibar, Zarautz (Gipuzkoa) eta Ermuko (Bizkaia) neurri murriztaileak, herri horietako egoera epidemiologikoak hobera egin baitu egunotan. Bergaran eta Tolosan (Gipuzkoa), aldiz, neurriek indarrean segituko dute.

Neurri orokorrik ez Nafarroan

Maria Txibitek ere hitz egin du goizeko agerraldian, eta adierazi du gobernuak ez duela neurri zorrotzagorik ezarriko oraingoz, baina argitu du horretarako garaia iritsiz gero ezarriko dutela. Halere, zehaztu du neurriak udalerrien egoeraren arabera egokituko dituztela: «Mahai gainean jartzen ditugun neurriak ikuspuntu epidemiologikotik aztertu eta arrazoitu behar dira». Nafarroa osoari eragiten dioten neurri orokorren aurka azaldu da presidentea, epaileek bertan behera utz ditzaketelako.

Txibitek eskua luzatu die alkateei, eta adierazi du «legearen babesa» dutela neurriak ezartzeko. Erabakiak hartzeko beldurrik ez izateko eskatu die: «Gobernuak berak baino neurri murriztaileagoak har ditzakete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.