Lurrikara bat antzeman dute gaur goizean Nafarroan. Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez, dardara Richter eskalako 3,6 gradukoa izan da, eta Burlatan (Nafarroa) izan du epizentroa. 10:49 aldera izan da lurrikara, eta hala Iruñe erdigunean nola Sarriguren eta Olatz inguruetan nabaritu da.
Ez da Nafarroan halakoak gertatzen diren lehenbiziko aldia: 2020an 4ko magnitudeko eta IVko intentsitateko lurrikara bat sumatu zen Iruñerrian, eta, minutu batzuk lehenago, 3,1eko magnitudeko eta IIIko intentsitateko bertze bat ere bai. Urtebete lehenago, berriz, 3,7 graduko dardara batek astindu zuen Bertizarana.