36,1 milioi euro bideratuko dituzte itunpeko ikastetxeetan premia bereziak dituztenentzako unitateak sortzeko

Aurtengo ikasturtean 491 gela itundu dituzte hezkuntza berezi irekian

Ikasleak ikasgelan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 9a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu du 36,1 milioi euro bideratzea itunpeko ikastetxeetan hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako unitateak sortzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko eskolek zehaztu beharko dute zein unitate itundu nahi dituzten Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian; berariazko hezkuntza errefortzuko proiektuetan; eta curriculum aniztasunaren bidez ikaskuntza eta erren­dimendua hobetzeko programetan.

«Deialdi honen bidez, itunpeko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan eta DBHn ari diren eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezko diren profesionalak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak«, ziurtatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Azaldu duenez, aurtengo ikasturtean 491 gela itundu dira hezkuntza berezi irekian. «Unitate horietan, orotara, pedagogia terapeutikoko 491 irakasleren lana finantzatu du Hezkuntza Sailak», nabarmendu du sailburuak. Gainera, berariazko hezkuntza errefortzuko 73 proiektu itundu dituzte, baita curriculum aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko 59 programa ere. Azpimarratu du programa horietan hezkuntzako 132 profesional aritu direla lanean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.