36ko gerra

36ko gerran hildako bi pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Muniainen egindako indusketan

Bi bizilagunek emandako testigantzei esker topatu dute hobi komuna. Kalkulatu dute 1936ko irailaren hasieran hil zituztela, eta uste dute litekeena dela beste bi pertsonaren hilotzak ere hor egotea.

Aranzadiko langile bat, gorpuzkiak garbitzen, Muniainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aranzadiko langile bat, gorpuzkiak garbitzen, Muniainen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 31
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak eta Txinparta elkarteak lortutako testigantza batzuei esker, Aranzadi zientzia elkarteak 36ko gerrako bi hildakoren gorpuzkiak atera ditu hobitik Muniainen (Nafarroa), gaur goizean egindako indusketan. Bi bizilagunek kontatutakoetatik abiatuta, uste dute litekeena dela hor egotea 1936ko irailean tropa frankistek hildako lau pertsonaren gorpuak, nahiz eta oraingoz biren arrastoak aurkitu dituzten soilik. Oraindik ez dakite zeinenak diren topatu dituzten gorpuak.

Azaldu dutenez, inguru horretan 2009an, 2010ean eta 2024an eginak zituzten indusketak, baina ez zuten ezer topatu. Egoera horretan, funtsezkoak izan dira Domingo Zabalza Anduezaren eta haren hildako anaia Lucioren testigantzak: kontatu zuten Muniainen ipar-ekialdean dagoen Santa Cruz ermitatik hainbat pertsona hilobiratuak izan ziren hobiak ikusten zituztela. «Txikiak ginenean, maiatzaren 9 guztietan erromerian igotzen ginen Santa Cruz ermitara. Hortik ikusten genuen zelaian, partzela horretan, laboreak ezberdin hazten zirela. Hor hilobiratu zituzten 6 urte nituenean», azaldu du Domingok, desobiratzean egon baita. Hobiak topatzea zaila egin zaie azken urteetan, ingurumaria aldatu egin delako, baina, iaz lortutako testigantzei esker, gaur lortu dute bi pertsonaren arrastoak topatzea.

Nafarroako Gobernuak adierazi duenaren arabera, frankisten altxamenduaren osteko hilabeteetan ohikoa zen Ezkabako gotorlekutik jendea ateratzea, ondoren Iruñe inguruan hiltzeko. Antza, Etxauriko gaina horretarako erabili ohi zuten militar frankistek, eta han inguruko herrietan hainbat hilotz hilobiratu zituzten.

Uste dute balitekeela lau gorpu egotea gaur indusketak egin dituzten inguruan, eta horietako bat Gregorio del Campo Mendozarena izatea: alde errepublikazaleko artilleria kapitaina zen Del Campo, eta haren familiartekoek baieztatu zuten 1936ko uztailaren 19an atxilotua izan zela Palafoxen (Zaragoza, Espainia), eta handik Ezkaba mendiko San Cristobal gotorlekura eraman zuten preso, irailaren 6an bertatik atera zuten arte. Muniain ingurura eraman zuten, eta Jaizko parrokoak ikusi ostean, beste pertsona batzuekin batera fusilatu zuten.

Hobi gehiagoren zantzuak

Nafarroako Gobernuak azaldu du Muniain inguruan ez dagoela beste leku batzuetan bezainbeste hobi, Iruñetik urrunago dagoelako, baina gehitu dute testigantza bat baino gehiago daudela, eta horregatik uste dute oraindik zabaltzeko hobi asko geratzen direla. Hala ere, duten informazioa oso zehatza ez denez, zaildu egiten du hobiak topatzeko lana.

Nafarroako Gobernuak 2025erako zuen Indusketa Planari jarraituta Muniainen aurten egin duten hirugarren indusketa da. Aurreko biak Jaitzen eta Genevillan egin zituzten. Nafarroako Gobernuak gogorarazi du azken hamar urteetan 160 pertsonaren arrastoak aurkitu dituztela 35 desobiratzetan; horrez gain, gorpurik aurkitu ez duten beste 121 indusketa egin dituztela ere nabarmendu dute. Bestalde, gobernuak gogorarazi du herritarren kolaborazioa funtsezkoa dela hobiak topatzeko.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, Ana Ollok, uste du 36ko gerran eta diktadura frankistan izan zen biolentziaren ukazio garai batean bizi garela, eta nabarmendu du gaur egindako desobiratzeek eta antzeko ekintzek memoria demokratikoa osatzen laguntzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.