Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa

4. xedapen iragankorra kentzeko asmoa berretsi du Raxoik

Espainiako gobernuburuaren asmoen kontra, nafarren erabakitzeko eskubidea defendatu du Uxue BarkosekGeroa Baik ezezko botoa eman dio Raxoiren hautagaitzari; UPNk, baiezkoa

Uxue Barkos, Espainiako Kongresuan diskurtsoa egiten. R.  BOGAJO/ ARP.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Nafarrei erabakitzeko eskubidea kentzeko prest al dagoen galdetu zion Uxue Barkosek Mariano Raxoiri. Hark hauteskunde kanpainan hitzeman zuen Konstituzioa aldatzen bazuen Konstituzioaren 4. xedapen iragankorra indargabetu egingo duela. Xedapen horrek aukera ematen dio Nafarroari Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin batera subjektu politiko berri bat sortzeko. «Ez duzu onartzen Nafarroako legalitatea?», galdetu zion Barkosek.

Raxoik ez zion zuzen-zuzenean erantzun galderari, baina iradoki zion kendu egingo duela. Nafarroaren eskubideak errespetatzen dituela erantzun zion, hori jaso zutela PPk eta UPNk programan, eta programa horrek jaso zuela nafar gehienen babesa.

Barkosek ez ezik, UPNko diputatu Carlos Salvadorrek ere galdetu zion gaiaz Raxoiri, eta gobernuburuak Salvadorren hitzak baliatu zituen Geroa Baiko diputatuari erantzuteko: «Nik Nafarroa foral eta espainiarrean sinesten dut». Barkosen irudiko, hori ez da posible, ordea: «Nafarroak forala edo espainiarra beharko du», ihardetsi zion.

Talde mistoaren txandan hitz egin zuten Barkosek eta Salvadorrek Espainiako Kongresuan, atzo goizean. Bakoitzak bost minutuko tartea izan zuen. Denbora horretan galdera saldo bat bota zion Barkosek Raxoiri: «Aurrerantzean ere Merkelek eta Sarkozyk hemiziklo honek baino lehenago izango al dute hartu asmo dituzun neurri ekonomikoen berri?»; «Menpekotasun Legea ez dela bideragarria esaten duzunean, aldatu egingo duzula esan nahi al duzu?»; «sakabanaketa politika indargabetzeko prest al zaude?», eta abar.

Galdera horietako batzuei erantzun zien, baina beste batzuei ez. Berak Merkeli eta Sarkozyri «inoiz» ez diela azalpenik eman argitu zuen. «Zerbaitez harro banago, nire independentziaz da; interes orokorrari baino ez diot begiratzen». Nolanahi ere, azalpenik eman ez arren haiekin «gauza askotan» ados dagoela azaldu zion, «eskuindar, zentro-eskuindar gisara». Menpekotasun Legea ez duela kenduko ere esan zion, baina murrizketak egingo dituela.

Barkosi ez zitzaizkion gustatu Raxoik astelehenean proposatu zituen neurriak, krisiari aurre egiteko ezkerreko neurriak behar direla uste baitu. Ezezko botoa eman zion presidentetzarako. Salvadorrek, berriz, baiezkoa.

UPNko diputatuak Amaiur kritikatzeko baliatu zuen bere txanda: «Espainiako demokraziak ez die ezer zor terrorearekin bat egin zutenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.