Berrogei eskaera Espainiari, Martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako sarraskietan izan zuen erantzukizuna onar dezan

Ekinbide bateratua tramitatu dute Gasteizko Martxoak 3 eta Iruñeko Sanferminak 78 Gogoan elkarteek. Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 legearen mekanismoak erabiliko dituzte, «errepresioa jasan zutenen erreparazio morala» eskatzeko.

SF78 eta Martxoak 3 elkarteen agerraldia, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
SF78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteen agerraldia, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko ekainaren 17a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Franco hil zen, baina frankismoa ez: hurrengo urteetan ere, Espainiako Estatuak sistematikoki praktikatu zuen estatu indarkeria, inpunitate osoz. Franco gabeko frankismo horren biktimak eta lekukoak gara». Ahotsa goratu dute trantsizio garaian Poliziaren indarkeria pairatu zutenek. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko uztailaren 8an Iruñean gertatutako sarraskien biktimek Espainiari eskatu diote, alde batetik, publikoki onar ditzala biktima gisa, eta, bestetik, bere gain har dezala gertatutakoaren erantzukizun osoa.

Horretarako, ekinbide bateratua tramitatu dute Gasteizko Martxoak 3 eta Iruñeko Sanferminak 78 Gogoan elkarteek, Memoria Demokratikoari buruzko 22/2020 legearen arrimura. Gaur aurkeztu dute prozedura bi elkarteotako ordezkariek eta eskaera sinatu duten zenbait biktimak, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Horien guztien izenean hitz egin dute, alde batetik, SF78 Gogoan taldeko kide Josu Chuecak eta Begoña Zabalak, eta, bestetik, Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinez Ociok eta Andoni Txaskok.

Agerraldian azaldu dutenez, berrogei eskaera tramitatu dituzte, Espainiaren aitortza jasotze aldera: «Horien artean dira Gasteizen, Tarragonan (Herrialde Katalanak), Basaurin (Bizkaia), Iruñean eta Donostian eraildakoei dagozkienak». Elkarte memorialistetako kideek nabarmendu dute, hala ere, askoz gehiago direla Espainiako segurtasun indarrek urte horietan hildakoak, zaurituak eta torturatuak: «1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan Iruñean egindako krimenak Euskal Herrian irekitako bi zauri handi dira; 1975eko azaroaren 20aren ondoren ehunka pertsona torturatu eta hil zituen estrategia errepresibo baten icebergaren punta».

Ordutik mende erdia igaro bada ere, «jasanezina» zaie garai hartako agintarien zigorgabetasuna. Horregatik galdegin dituzte «egia, justizia, ordaina eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak» estatu indarkeriaren biktima guztientzat. Estrategia horren barruan, Espainiari galdegin diote onar dezala garai hartako indarkerian izan zuen erantzukizuna. «Estatu demokratiko bat administratu behar duen ezein gobernuk ezin ditu alde batera utzi bere aparatu errepresiboek giza eskubideen aurka egin dituzten erasoak», esplikatu du Zabalak.

Aitortza eskaerez harago

Uste dute Gasteizko eta Iruñeko biktimak era ofizialean aitortzeak «bidea ireki» dezakeela «beste biktima askori zor zaien aitorpen integrala berma dadin». Espainiako Memoria Demokratikoari buruzko 22/2020 legean jasotako mekanismoak erabiliko dituzte horretarako: «Errepresioa jasan zutenen erreparazio moralerako eta memoria berreskuratzeko eskubideak aitortzen ditu lege horrek».

Biktimen aitortza formalaz harago, ordea, benetako justizia aldarrikatu dute Martxoak 3 eta SF78 Gogoan elkarteek: «Gure jarduna ez da prozedura honetara mugatuko, [Espainiako] Estatuari eskatuko baitiogu ofizialki aitor dezala krimen horietan duen erantzukizun nagusi eta zuzena». Memoria demokratikoaren legeak horretarako bidea ematen duela uste dute.

Urrats hori «ezinbestekoa» izanagatik, baina, ez litzateke «behin betikoa» izanen, bi elkarteetako ordezkarien ustez: «Ertz garrantzitsu asko zintzilik daude oraindik; hala nola justiziarako benetako sarbidea, eta berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko tratu bat lortzea giza eskubideen urraketa larrien biktima guztientzat». Salatu dute gaur-gaurkoz Espainiako legediak ez duela halakorik bermatzen.

SINATZAILEaK

Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan taldeek biktima hauentzat eskatu dute Espainiako Estatuaren aitortza. 

  • 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin lotutakoak:


    Jose Castillo Garcia


    Andoni Txasko Diaz

    Imanol Olabarria Bengoa
    Consuelo Lastra Fernandez
    Santiago Duran Fernandez
    Agustin Maria Plaza Fernandez
    Iñaki Martin Etxazarra
    Jose Ignacio Plazaola Sanchez
    Javier Manzanos Bañuelos
    Alberto Olalde Azkorreta
    Vicente Anton Ferrero
    Juan Gabriel Rodrigo Knafo
    Francisco Aznar Clemente
    Norberto Mujika Diaz
    Julian Ocejo Diez
    Marcelino Santamaria Blas
    Luis Maria Saez de Ibarra Atauri
    Francisco Justel Pernia
    Cristobal Trebiño Garcia
    Guillermo Gonzalez Prieto
    Joseba Marijuan Tejedor
    Romualdo Barroso Chaparro
    Josu Ormaetxea Antepara
    Teodoro Vadillo Lopez
    Pedro Maria Martinez Ocio
    Bienvenido Pereda Moral
    Julio Jesus Ruiz Garrido
    Luis Lobera Palomar
    Jesus Fernandez Naves
    Felix Alvarado Herran
    Alberto Lahidalga Pastor
     

  • 1978ko sanferminetako gertakariekin lotutakoak:
    German Rodriguez Saiz
    Joseba Barandiaran Urkola
    Ramon Velez de Mendizabal Garcia de Iturrospe
    Josu Sarasate Erdozain
    Mikel Legorburu Arzamendi
    Jose Miguel Fernandez Diaz
    Rafael Beunza Jabat
    Fermin Ilundain El Busto
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.