40 pertsonak joan beharko dute Nafarroako ikerketa batzordera, urriaren 14tik aurrera

Nafarroako Parlamentuak eskatutako informazio guztia irailaren 15erako jaso beharko dute. Ukatu zaizkien eskaeren ondorioz, UPNk salatu du «eskandalu bat» dela. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik adierazi dute zer gertatu den argitzeko balioko duela.

Ikerketa batzordea, gaur goizean, bilera hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikerketa batzordea, gaur goizean, bilera hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko abuztuaren 5a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Parlamentuko Cerdan auziari buruzko ikerketa batzordearen ibilbide orria zehaztu dute. Taldeek aurkeztutako lan planak aztertu dituzte gaur, eta 99 txosten eta informazio eskaera onartu dituzte. Irailaren 15era arteko epea izango dute erakundeek parlamentuak eskatutako informazioa bidaltzeko. Halaber, «urriko bigarren hamabostalditik aurrera» 40 pertsonak agertu beharko dute batzordearen aurrean. Zehazki, agerraldiak urriaren 14an hastea espero dute. Horretarako, astearteak eta asteazkenak egokituko ditu parlamentuak.

Gaur, Irati Jimenez batzordeko lehendakariak azaldu du irailaren 24ko saioan zehaztuko dela agerraldien ordena. Batzordearen helburua da Cerdan auzian aipatu diren enpresei Nafarroan azken lau legealdietan adjudikatu zaizkien herri lan guztiak ikertzea. Xede hori izanik, Nafarroara mugatu nahi izan dute ikerketaren esparrua, eta polemika egon da PPren eskaerak Espainiara hedatu nahi izan duelako ikerketa. UPNk, berriz, «eskandalutzat» jo du eurek eskatutako hainbat pertsona batzordera agertzea atzera bota izana, baita zenbait informazio eskaera  ere. Kritiken aurrean, Jimenezek «egoerak eskatzen duen mailan egotea» eskatu die parlamentu taldeei, «helburua ganoraz betetzeko».

«Uste dugu nahikoa izango dela Nafarroan praktika ustelik egon den edo ez jakiteko. Seguruenik, aztarna zuzenik ez da egongo, baina jakingo dugu zerbait gertatu ote zen». 

ADOLFO ARAIZ EH Bilduko parlamentaria

Deituko dituzten 40 pertsonak derrigortuta egongo dira ikerketa batzordean parte hartzera. Batetik, ikerketa judizialeko ikertu nagusiek agertu beharko dute: Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak, Koldo Garcia Huarteko zinegotzi ohi eta bizkartzainak eta Antxon Alonso Servinabarreko buruak. Bestetik, Nafarroako Gobernuko zenbait kargudun eta agintari ohi ere joango dira batzordera —Oscar Txibite eta Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariak, eta UPNren garaiko Javier Esparza, Lourdes Goikoetxea eta Francisco Iribarren kontseilari ohiak—. Enpresetako arduradunak ere agertuko dira, hala nola Jose Manuel Entrecanales Accionako kontseilari ordezkaria, Fernando Merino Accionaren Nafarroako burua eta Pedro Rodriguez Geoalcaliko gerente izandakoa.

Servinabarrek eta Accionak osatutako aldi baterako enpresa elkarteari hainbat herri lan adjudikatu zaizkio. Besteak beste, Belateko tunelak zabaltzeko lanak, Nafarroa Arenako bulegoen gunea, Erripagañako eta Eguesibarko 158 babes ofizialeko etxebizitzaren eraikuntza, Nafarroako Artxibategiaren zaharberritzea, Arbizuko eskola publikoa. Hala, herri lan horietako arduradun batzuk ere deitu dituzte: Jesus Polo Belateko tuneletako epaimahaiburua eta Lorenzo Serena idazkaria —adjudikazio horrekin kritikoa—; Nasuvinsako gerente izandakoak; Ruben Goñi Nafarroa Arena kudeatzen duen sozietateko buru izandakoa; Pedro Lopez Bera eta Francisco Lopez Lurralde Kohesioko kargudunak... Gainera, ikerketan parte hartu duten bi guardia zibil ere deituko dituzte batzordera.

«Gaurkoa ikusita, argi utzi dute Maria Txibiteren gobernuak ura leporaino duela eta PSN, EH Bildu eta Geroa Bai eskutik helduta doazela». 

JAVIER ESPARZA UPNko eleduna

Alta, deitutako pertsonak bezain adierazgarria da nortzuk oraingoz ez dituzten deituko. Kasurako, Maria Txibite lehendakaria eta Uxue Barkos lehendakari ohia ez dira joango, ezta Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohia eta Ramon Alzorriz PSNko idazkariorde nagusi ohia ere. Gainera, Servinabarreko langileak eta harentzat lan egindakoak ere ez dira agertuko —Alzorrizen bikotekide Diana Eneriz eta Santos Cerdanen arreba Belen Cerdan, kasurako—.

Guztira, 99 informazio eskaera onartu ditu batzordeak: Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoari, Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Auzitegi Gorenari, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei, Espainiako Kongresuari eta Senatuari, Merkataritza Erregistroari, Gizarte Segurantzari eta zenbait enpresari egitekoak —tartean, Acciona, Servinabar, Geoalcali eta Noran kooperatiba—.

Taldeen erreakzioak

Behin plana onartuta, EH Bilduko Adolfo Araizek uste du «abiapuntu egokia» izango dela. «Uste dugu nahikoa izango dela Nafarroan praktika ustelik egon den edo ez jakiteko. Seguruenik, aztarna zuzenik ez da egongo, baina jakingo dugu zerbait gertatu ote zen». Nafarroako Parlamentuan iraganean beste hamabi ikerketa batzorde abiatu ziren, eta haietako batzuetan arazoak izan zituzten eskatutako informazio guztia lortzeko. Araizek espero du oraingo honetan guztia jasotzea. «Espero dugu inork ez duela tentaziorik izango hau zirku bihurtzeko». Atzera bota diren izenez galdetuta, Araizek zehaztu du ez dutela aterik ixten, baina uste du oraingoz nahikoa dela batzordeari ekiteko: «Eskatzea eskatzeagatik ez zaigu egokia iruditzen». 

Guztiz bestelako ikuspegia azaldu du UPNko Javier Esparzak. «Gaurkoa ikusita, argi utzi dute Maria Txibiteren gobernuak ura leporaino duela eta PSN, EH Bildu eta Geroa Bai eskutik helduta doazela». Haren ustez, hiru alderdiek itun bat sinatu dute batzordean elkarri min ez egiteko. Izan ere, ez du ulertzen Txibite eta Barkos zergatik ez diren joango batzordera, enpresa horiei herri lanak adjudikatu zaizkie-eta haien agintaldietan. «Txibite aurretik ere izan da Belatez hitz egiten, baina ikerketa batzordea ez da ohiko batzorde bat. Galdekatua izango da». Ez du ulertzen zergatik atzera bota diren beste izen batzuk —Ramon Alzorriz, Elma Saiz eta Javier Remirez, tartean—. Gainera, salatu du berak eta UPNko kargudun ohi batzuek, berriz, bai, parte hartu beharko dutela batzordean. «Gure izen ona zikindu nahi dute, eta ez diegu utziko».

«Gure esparrua zera da: ikertutako enpresekin erlazionatutako obren adjudikazioak, azken lau legealdietakoak, eta Nafarroara mugatuta». 

JAVIER LEKUNBERRI PSNko parlamentaria

Ikertu nahi dituzten obretako bat Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea da. Acciona lehiaketa horretara aurkeztu zen, eta Esparzak uste du UPN zipriztintzeko sartu dutela herri lan hori. Hala, txosten juridiko bat eskatuko du ubidea ikerketaren helburuetan sartzen ote den argitzeko.

PSNko Javier Lekunberrik eta Geroa Baiko Pablo Azkonak adierazi dute ikerketa batzordeak balioko duela argitzeko Nafarroako erakundeek garden eta eraginkor jokatu dutela. Azkonaren arabera, ikerketa judizialean orain arte ez da Nafarroako herri lanik aipatu. Lekunberrik ohartarazi du batzordea ikuskizun bihurtu nahi dutela eskuineko alderdiek: «Gure esparrua zera da: ikertutako enpresekin erlazionatutako obren adjudikazioak, azken lau legealdietakoak, eta Nafarroara mugatuta», zehaztu du.

PPk salatu du, hain zuzen ere, eurek egindako eskaera gehienak atzera bota direla. «Oso larria da. Hau, ikerketa batzorde bat baino gehiago, itxurakeria hutsa da». 

Zurekin Nafarroa taldeko Miguel Garrido pozik geratu da ikerketa batzordeak lehen hilabeteotan izango duen ibilbide orriarekin. «Oso garrantzitsua da herritarrek erakundeekin konfiantza izan dezaten», esan du. «Ezingo ginateke egon konfiantzarik ez dugun gobernu batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.