Urriaren 1etik aurrera, telekomunikazioetako operadoreek dei komertzialak blokeatu egin beharko dituzte Hego Euskal Herrian, hasieran 400 zenbakia ez badute. Hego euskal herritarrek jasoko dituzten dei komertzial guztiek 400 zenbakia izango dute hasieran, eta herritarrek ezin izango dute deitu zenbaki horietara.
Oscar Lopez Espainiako Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroak jakinarazi du atzo argitaratu zutela araua Espainiako Aldizkari Ofizialean. Iazko abenduan onartu zuten Espainiako Bezeroentzako Arreta Zerbitzuei Buruzko Legea, eta helburutzat dauka ez dadila baimendu gabeko merkataritza deirik egin. Legea onartu zutenetik, 192 milioi dei eta 17 milioi SMS blokeatu dituzte Espainian.
Hasieran 800 eta 900 zenbakiak dituzten deiak erabiltzaileari arreta emateko izango dira, eta erabiltzaileek modua izango dute zenbaki horietara deitzeko.
Mezu masiboak, mugatuta
Horrez gain, Lopez ministroak beste neurri bat azaldu du: aurtengo ekainetik aurrera, Hego Euskal Herriko biztanle batek mezu masiboren bat jasotzen badu, CNMCÂ Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzorde Nazionalean erregistratutako elkarteren batena izango da nahitaez.
Halaber, Espainiako Gobernuak jakinarazi du datu base ofizial bat egingo duela erakunde publikoen eta enpresen datu alfanumerikoekin, eta CNMCk kudeatuko duela datu base hori. Telefono eta SMS bidezko iruzurren aurkako planaren azken neurria da.Â