42 ikertzaile gaztek hartu dute parte aurten Txiotesia lehiaketan. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen du, ikertzaile gazteen lanak ezagutarazteko eta euskarazko jarduna sustatzeko; izan ere, tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke, baina lehiaketan «euskara hutsean» parte hartu behar dute. Egitekoa izaten da ahalik eta modu samurrenean eta eraginkorrenean azaltzea zer ikertzen ari diren. Idatziz, 1.500 karaktere erabil ditzakete gehienez, traolak barne. Bideo bat egitea hautatzen badute, gehienez minutu eta erdikoa izan behar du.
Hego Euskal Herriko lurralde guztietako ikertzaileek parte hartu dute lehiaketan, unibertsitate askotakoek; tartean, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Gironako Unibertsitatea. Ikerketa taldeen eta tesien jakintza arloen «aniztasuna» nabarmendu du UEUk.
Aurten hainbat berritasun izan dira. Esaterako, ikertzaileek aukeratu ahal izan dute beraien ikerketaren berri non argitaratu, eta hainbat bide eman dizkiete: Artizarra, Mastodon, Linkedin, Bluesky eta Instagram. Bideoz edo idatziz egiteko aukera ere izan dute. UEUren arabera, gehienek Artizarra aukeratu dute, eta idatziz egin dute. Parte hartzaileen %90ek lehenengoz parte hartu dute lehiaketan, eta ia %81 emakumeak dira.