4.500 etorkin artatu ditu Gurutze Gorriak Irunen

Xabier Legarretak adierazi du Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol arrazistetk» Eusko Jaurlaritzaren jarduna oztopatzen dutela

Irungo mugan egindako protesta bat. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Irungo Gurutze Gorriak 4.500 etorkini eman die zerbitzua aurten —uztailaren 19ra arte—. Datu hori eman du Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako migrazio eta asilo zuzendariak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Gaineratu du Frantziako Poliziak Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan egiten dituen «kontrol arrazistek» zailtzen diotela gehien Jaurlaritzari arlo horretan Gurutze Gorriaren bidez egiten duen jarduna.

Hain zuzen, esan du kontrol horiek «auzi honekin negozioa egiten duten mafiak» sustatzen dituztela, eta aitortu du Jaurlaritza «jabetzen» dela egoera horretaz: «Irungo egoera nolakoa den helarazteko aukera daukagun bakoitzean, hala egiten dugu». Gehitu du Jaurlaritza «kezkatuta» dagoela azkenaldian migranteen aurka izandako gorroto delituengatik ere, gora egin baitute.

2018. urtetik handitu egin da migrazio fluxua, eta Legarretak esan du Jaurlaritzak eskumen gehiago behar dituela hori behar bezala kudeatzeko: «Migrazio politiken eremua hor dagoen pakete bat da, negoziazio betean dagoena, eta espero dugu irailean berriro hastea».

Azaldu duenez, Jaurlaritzak, eskumen hori ez daukan arren, «azkar erreakzionatu» eta «arreta humanitario egokia eta duina» eman behar izan die Irungo mugara iritsi diren etorkinei.

Hala ere, Irungo Harrera Sareak salatu du migranteak «hiru egunez soilik» gera daitezkeela Gurutze Gorriaren aterpetxean, eta bertan ezin direla Irunera iristen diren etorkin guztiak sartu, «irizpide zentzugabe batzuen arabera» ematen baitiete sarbidea. Horrez gain, zenbaitetan salatu izan dute migranteei ez dietela informazioa behar bezala ematen, haien hitzetan ez baitituzte ohartarazten, esaterako, Bidasoa ibaia gurutzatzeak dakartzan arriskuez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.