Arabako Probintzia Auzitegiak 46 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, hiru adingaberi sexu erasoak egiteagatik eta prostituzioan aritzera behartzeagatik, bertzeak bertze. Kartzela zigorra betetzeaz gain, 20.000 euro eman beharko dizkie bi adingaberi, eta 2.000 euro besteari. Gainera, horiekin mintzatzeko eta horiengana hurbiltzeko debekuak ere ezarri dizkiote. Epaia ez da irmoa, eta EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu daiteke helegitea.
Zehazki, honako delitu hauengatik zigortu dute gizona: 16 urtetik beherako hiru adingaberi sexu erasoak egiteagatik hiru delitu, horietako bi jarraituak eta hirugarrena saiakuntza graduan; bi delitu jarraitu sexu izaerako ekintzak ikustera behartzeagatik; delitu jarraitu bat adingabeak erabiltzeagatik material pornografikoa sortzeko; eta hiru delitu 16 urte baino gutxiagoko adingabeen prostituzioagatik.
Epaileak adierazi du frogatuta gelditu dela gizona hiru adingabe horiekin egon zela, 2023an, adingabeek 16 urte baino gutxiago zutenean. Eta frogatuta geratu da, halaber, behartu egin zituela «onartu gabeko ekintza sexual» horiek egitera, patroi bera erabiliz: «Horiekin zuen laguntasun harremanaz baliatu zen, eta dirua eskaintzen zien edo jarduera jakin batzuetara gonbidatu».
Gizonak horiek guztiak onartu ditu. Epaiaren arabera, diagnostikatu gabeko nahasmendu parafiliko batekin bateragarria den ezaugarri klinikoak ditu, baina, halere, ekintzak egin zituenean kontziente zen egiten ari zenaz.

