47 urteko gizon bat zigortu dute desgaitasun psikikoa duen 13 urteko neska bati sexu erasoak egiteagatik

Erasotzaileaz gain, biktimaren ama ere zigortu dute, erasoen berri izan eta ez zituelako eragotzi.

Nafarroako Auzitegia. IÑAKI PORTO / EFE
kristina martin
2026ko ekainaren 3a
14:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urteko espetxe zigorra ezarri diote 47 urteko gizon bati, adingabe bati sexu eraso jarraituak egiteagatik. Biktimak 13 urte zituen delituak izan zirenean, eta %49ko desgaitasun psikikoa aitortua du. Horretaz gain, neskaren ama ere zigortu dute, bi urteko kartzela zigorrarekin, erasoen berri izan eta ez zituelako eragotzi. 

Nafarroako Lurralde Auzitegiaren 2. atalak ezarri du zigorra, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak akordio bat lortu ondoren. 16 urtetik beherako pertsona bati sexu abusu jarraituak egitea leporatu diote. Ebazpenean jaso dutenez, bost urteko espetxe zigorra ezarri diote gizonari, eta, behin kalean egonda, sei urteko urruntzeko agindua.

Hala ere, hiru aldeen akordioari esker, erasotzaileak ez du kartzelara joan beharko. Horren ordez, eta Zigor Kodearen 89. artikuluak jasotako aukera bat baliatuta, erasotzailea Espainiatik kanporatuko dute hamar urtez. Epaitegiak bi hilabeteko epea eman dio zigortutako gizonari herrialdea bere borondatez utz dezan.

Biktimaren amak ere ez du kartzela zigorrik beteko. Horren trukean, ezingo du deliturik egin bi urtez, eta sexu heziketako ikastaro bat egin beharko du. Emakumeak buruko desgaitasun arin bat du, eta estupefazienteak kontsumitzearen ondoriozko jarrera nahasmenduak. Zigortutako biek, guztira, 3.400 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eragindako kalte morala dela eta.

Epaiketa hasi aurretik, fiskaltzak 11 urteko zigorra eskatu zuen gizonarentzat, eta zazpi urtekoa biktimaren amarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE