Eneritz Argintxonaren bi hiltzaileei 48 urteko kartzela zigorra ezarri diete

Hiltzaileetako batek 41 urte ditu, eta besteak 22; 30 urte egin beharko dituzte kartzelan Argintxona hiltzeagatik, eta beste hemezortzi hari lapurreta egiteagatik. 2024ko uztailaren 26an desagertu zen erandiotarra, Panaman.

Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
nerea intxausti
2026ko uztailaren 14a
07:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eneritz Argintxona Fraileren hilketagatik 48 urteko kartzela zigorra ezarri diete bi gizoni. Argintxona hiltzeagatik eta hari lapurreta egiteagatik kondenatu dituzte bi gizonak: 30 urteko kartzela zigorra bete beharko du bakoitzak erandiotarra hiltzeagatik, eta beste hemezortzikoa hari lapurreta egiteagatik. Hala zehaztu du Panamako Bocas del Toroko Fiskaltzak. 

Argintxona Erandiokoa zen, eta 30 urte zituen. 2024ko uztailaren 26an desagertu zen, Panaman, eta geroago jakin zen hil egin zutela: hari lapurreta egiteko asmoz, kolpe bat eman zioten buruan, eta haren ondorioz  hil zela baieztatu zuten autopsian.

Panamako Fiskaltzak orain bi aste jo zituen erruduntzat Bizkaiko emakumea hiltzeaz akusatutako bi gizonak, ekainaren 29an, baina ez zuen zehaztu zenbateko kartzela zigorra bete beharko zuten. Bi gizonak 2024ko abuztuaz geroztik daude atxilotuta, hilketarekin zerikusia izatea leporatuta. Panamakoak dira biak, eta 41 urte ditu batek, eta 22 besteak. 

Argintxona Costa Rican boluntario zebilen 2024an, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak desagertu zela salatu berritan. Astebete geroago baieztatu ahal izan zuten erandiotarraren gorpua zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA