Epaileak erruduntzat jo ditu Eneritz Argintxona hiltzeaz akusatutako bi gizonak

2024ko uztailaren 26an aurkitu zuten Argintxonaren gorpua, Panaman, eta bi pertsona espetxeratu zituzten behin-behinean. Oraindik ez dute zehaztu zenbateko kartzela zigorra bete beharko duen bakoitzak.

 Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko ekainaren 29a
12:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilketarekin zerikusia zutelakoan atxilotu zituzten 2024ko abuztuan, eta baieztatu berri du Panamako Fiskaltzak: Eneritz Argintxona hiltzeagatik akusatutako bi gizonak erruduntzat jo ditu epaileak. Panamakoak dira biak, 41 urteko gizon bat eta 22 urteko bertze bat. Bakoitzak zer-nolako kartzela zigorra bete beharko duen, baina, ez dute zehaztu oraindik: «Sententzia bakoitza berariaz irakurtzeko saio bat egingo da, eta hor erabakiko dute bakoitzaren zigorra. Irakurketaren epea epaimahaiak ezarriko du», erran du fiskaltzak. Horixe da kasua ixteko falta den azken pausoa. 

Costa Rican zegoen Argintxona, boluntariotzan, eta Panamara joan zen handik, egun batzuk igarotzera. Ostatu hartua zuen lekuan ikusi zuten azkenekoz, uztailaren 23an, eta handik hiru egunera, uztailaren 26an, gorpu bat aurkitu zuten Carenero uhartean, Bocas del Toro eskualdean. AEBetako bikote batek aurkitu zuen hilotza.

Panamako Fiskaltzak, bi asteren buruan, bi gizonak behin-behinean atxilotzeko agindu zuen. 30 urte zituen Argintxonak, eta autopsiak frogatu zuen buruan kolpe bat emanda hil zutela. Kasuaren ikerketa Panamako autoritateen esku gelditu zen, baina hilketaren hurrengo egunetan jakinarazi zuten biktimaren objektu pertsonal batzuk topatu zituztela, eta bazeuzkatela zantzu batzuk hiltzaileak nor izan zitezkeen jakiteko. Fiskaltzak «feminizidioa eta lapurreta» egozten dizkie bi hiltzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA